Eguraldia lagun dute Erdi Aroko Azokan

Onintza Lete Arrieta 2019ko abe. 6a, 14:41

Jolasteko, erosteko eta jateko guneak jendez bete dira gaur eguerdian Alde Zaharrean atzotik zabalik den Erdi Aroko Azokan. Gabonetako opariak egiteko aprobetxatu du askok, sabelari gozamena emateko beste askok, eta haurrek irudimenari hegan egiten utzi diote.

Bikingoen kaskoak, ahotik sua botatzen duten dragoiak, ezpatak, larruzko alfonbra eta jantziak... Erdi Aroan murgilduta da atzotik Zarauzko Alde Zaharra. Eremu zabala hartu dute sailtzaileen postuek, jateko guneak, jolasenak nahiz erakusketenak: Musika Plaza, udaletxe aurrea, Frontoi Txiki, Kale Nagusia, Diaren aparkalekua, Paxo eta Frontoi Txiki arteko kalea...  Usain eta kolore anitzek hartu dute herria. 11:00etan zabaldu dute, eta 22:00ak arte ez dute amaituko jarduna. Bihar bera izango du azokak, baina etzi, igandea, azken eguna izango da eta ordubete lehenago itxiko dute, 21:00etan.

Aipatutako postu eta guneez gain, kalea animatzen talde ugari dabil: musika joz batzuk, antzerkia eginez beste batzuk, mozorrotuta jendea izutzen ere bai bakarren bat... Eguraldia lagun dute, eta horrek lagundu du giro atsegina sortzen.