Abisuak daude iragarrita itsasaldeko arriskuagatik

Biharko 4 eta 4,5 metro inguruko olatuak espero dira kostaldean, baina ostiral arratsalderako 7 metrotik gora iritsi daitezke.

Abisu horia eta laranja iragarrita daude egun hauetarako itsasaldeko arriskuagatik, eta baita haizeagatik ere. Kostaldean izan dezaken inpaktuagatik batez ere abisu horia dago emanda. Bihar, esaterako,  04:17an izango da itsasgora eta 4,5 metro inguruko olatuak espero dira 03:00etatik 06:00ak bitartean. Arratsaldean ere 4-4,5 metroko olatuak aurreikusten dira, 15:00ak eta 18:00ak artean; eta itsasgora 16:39an izango da.

Ostiralean, berriz, egun osoan dago abisua iragarrita. Olatuen ezaugarriak direla eta, pasealeku eta malekoietan olatu-zaparrak izan daitezke, bereziki itsasgoretan: 04:55ean eta 17:20an. Olatuen altuera adierazgarria izango da gainera: 6-7 metroko ingurukoa goizaldean, eta egunaren erdialdean 7 metroak gaindi ditzake.

Ohi bezala, egoeraren larritasunaren arabera, segurtasun neurriak hartuko dituzte, eta posible da pasealekuak eta kostaldeko errepidea ixtea. Malekoi inguruko enpresek eta tabernek ere jakin badakite zein neurri hartu behar dituzten egoera honen aurrean, eta taulez estaltzen dituzte beren establezimenduak.