Haritz Larrañaga: "Lagungarriagoa da beti egia azaltzea ezkutatzea baino"

Aritz Mutiozabal 2019ko abe. 12a, 09:16
'Zarauzko amesgaitoen liburua'-ren koordinatzaile Haritz Larrañaga. (Aritz Mutiozabal)

1958 eta 2018 artean Zarautzen izandako indarkeria politikoaren ondorioak jasotzen ditu ‘Zarauzko amesgaiztoen liburua’-k. Haritz Larrañaga (Zarautz, 1976) aritu da proiektu honekin buru-belarri.

Ametsetatik amesgaiztoetara. Nola dator jauzi hori?
Zarauzko ametsen liburuan bertan jada batzuek amesgaiztoak kontatzen zituzten. Liburu hori lantzerakoan oso ohikoa zen jendeak zerbait kontatzeko gogoa izatea, eta normalean esperientzia oso gogorrak izaten ziren. Nik erantzuten nien ametsei buruzkoa zela, baina batzuen kasuan ezinezkoa izan zen hori alboratzea. Liburu hura egiten esperientzia eta datu pila bat jaso nituen; izan ere, irizpide batzuk zehaztu nituen eta horietatik kanpo geratu ziren hainbat pasarte ere. Horrez gain, aurretik nik unibertsitate garaian eginiko elkarrizketak ere banituen. Beraz, alboratutako material hori guztia argitaratu beharra zegoela pentsatu nuen.

Zarauzko ametsen liburua idatzi nuenean azken hamarkadan herri honek bizi izan duen gatazka armatua amaitzear zen, eta jendeak egoera gainditu nahi du, baina nik ikusten nuen jendea oraindik zaurituta zegoela eta kontatzeak min hori arintzen ziola. Egoera gainditzeko laguntza bat zela haiei entzutea, nolabait esateko. Eta bigarren liburu honen ideia ere hori da.

Beraz, lehenengo liburuaren segida moduko bat da.
Hala da, bai. Pasatu dira pasatu diren gauzak gure artean. Nik neuk ere badauzkat ezin ikusiak jendearekin. Baina zama hori ez diegu utzi hurrengo belaunaldiei: zauriak itxi egin behar dira. Zauriak ixten laguntzeko lagungarria da hori dena kontatzea.  Lagungarria ez dena da epe luzera begira egia ezkutatzea. Liburu berri honetan egia ugari kontatzen dira, eta epe motzera erdi itxita zeuden zauri batzuk ireki ditzakete edo min eman dezakete, baina epe luzera guztiz konbentzituta nago egia azaltzea beti lagungarriagoa dela, ezkutatzen aritzea baino.

Kasu honetan, 1958tik 2018ra bitartean herrian izandako indarkeria politikoaren ondorioak jaso dituzu.
Jende batek galdetu dit ea zergatik hartu dudan epe tarte hori, aurretik ere indarkeria bazegoela argudiatuz. Egia da, eta ondoren ere badago. Muga bat jarri behar zen, eta gatazka armatua ETA egon den bitartean izan da. Ondorioek jarraitzen dutela? Oraindik presoak daudela? Bai, noski. Baina gatazka armatua hura izan zen, eta epe mugak ETAren sorrerak eta amaierak finkatzen ditu. Beste irizpidea da Zarautzen kokatuta dagoela: zarauztarrei edo Zarautzen gertatuko gauzak. Niretzat oso garrantzitsua da horrelako lanetan irizpideak ondo zehaztea; norbaitek zerbait eztabaidatu nahi baldin badu hortik abiatu beharko du.

Indarkeria politikoa identifikatzerakoan ere irizpide jakin batzuk hartuko zenituen kontuan, ezta?
Nire erreferentziazko markoa izan da Giza Eskubideen eta Oinarrizko Askatasunen Europako Hitzarmena. Bertan agertzen da zeintzuk diren eskubide urraketak maila pertsonal eta kolektiboan. Aipatua, Zarautzen izatea, denbora tartea eta gatazka politikoa; irizpide horien arabera aukeratu ahal izan ditut gertakariak. Beste gauza batzuk – intsumisioa, euskara, heroina eta abar– kanpoan geratu dira. Liburuan bi aldeak agertzen dira, eta batzuei ez die batere graziarik egingo. Baina sentitzen dut! Irizpideak betetzen badituzte, atera beharra dute, bestela ez da egia.

Ametsen liburuan herritarrak ziren protagonistak. Bigarren hau nola dago egituratuta?
Liburua batik bat kronologia bat da. Oso hotza da, zentzu horretan. Gertakariak bildu ditut, eta ez naiz sartzen baloratzera ezer. Hemeroteka lana egin dut, eta egunkarietatik euskarara itzuli. Baina bada sasoi bat, 1958tik 1978ra bitartekoa, garaiko egunkariak lortzea oso zaila egin zaidana, eta orduko hori kontatzeko hiru elkarrizketa daude zeharka kontatuta: Miren Osa, Jose Benito Mujika Xenkiren familia eta Ankelo Usobiagarena, hain zuzen ere. Elkarrizketa-kontakizunek laguntzen dute ikusarazten hor atzean daudenak pertsonak direla, baina hori etengabe ikusten den gauza bat da, kronologia oso hotza izanda ere. Hamar urteka banatu ditut atalak, eta kronologietan bertan badaude datu osagarri diren gai zehatzen inguruko despiezeak.

Noizbait gazteren batek zer gertatu zen jakin nahiko balu, hemen datu batzuk izango ditu, eta beste batzuk egunero ikusten ditu telebistan. Horiek denak ere agertzen dira. Horiekin ere harrituta geratu naiz, iruditu zaidalako bertsio ofiziala ere batzuetan motz geratzen dela; hau da, ez direla behar adina informatu.

Liburuaren azala iluna da gero.
Gaia iluna eta delikatua da eta. Gainera, ikusten dut bizikidetzaren arloan ez dela urratsik ematen, eta hau izan da ekimen pertsonal bat. Izan ere, nik etxean  bi aldeak bizi izan ditut, eta ikusten dut urrats horiek errazago ematen direla politikaz aparte. Adibidez, Zarauzko ametsen liburuan ia 60 zarauztar ageri dira eta ez dago Zarauzko liburutegian. Ez dakit hau egongo den ala ez, baina tresna bat nahi duenarentzat hor egongo da. Liburuaren azala iluna da, baina argi bat ageri da, itxaropena irudikatzen duena. Horrekin batera, gainera, Berriz gerta ez dadin! leloa jarri diogu kontrazalean.

Gaur aurkeztuko dute liburua, Antoniano aretoan

Haritz Larrañaga bera izan da Zarauzko amesgaiztoen liburua lanaren koordinatzailea, baina berekin lantalde bat aritu da proiektua ontzen: Ankelo Usobiaga, Larraitz Mendiable maketatzailea, Joana Garmendia filosofiako irakaslea zuzenketa lanetan eta gaiak bideratzen. Horrekin batera, jendeari galdetzeko sare bat osatu dute. «Adibidez, Joseba Zubiaurrek asko lagundu dit. Harek gordetzen zituen Madrilgo kartzelara trenez eramaten zituzteneko bidaia txartelak», dio Larrañagak.

Liburu berria gaur arratsaldean aurkeztuko dute Antoniano aretoan, 19:30etik aurrera. Bertan ariko dira solasean Haritz Larrañaga bera eta Ankelo Usobiaga, eta liburua erosteko aukera ere izango da 12 euroan. Ondoren, Eguzki tabernan salgai jarriko dute.