Urteko azken mobilizazioa egingo dute gaur pentsiodunek

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 16a, 09:00

Gabonetako etenaren ostean, urtarrilaren 13an ekingo diete berriz mobilizazioei.

Astero bezala, 12:00etan hasiko da pentsiodunen mobilizazioa gaur, Lege Zaharren enparantzan. Mugimenduak jakinarazi du Gabonetan etena egingo dutela, eta hurrengo manifestazioa 2020ko urtarrilaren 13an izango dela.

Pentsiodunek tinko eusten diete beren aldarriei: "Estatuko gobernuak izan ditu aukerak 2018ko maiatzetik aurrera gure pentsioen errebalorizazio automatikoa legez bermatzeko, eta ez du halakorik egin; 2010eko eta 2012ko lan-erreforma eta 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen alderdi atzerakoiak indargabetu ahal izan ditu; gutxieneko pentsioa 1.080ra igo ahal izan du, eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurora, Europako Gutun Sozialaren eskakizunetara hurbilduz;. Neurriak hartu ahal izan ditu soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala desagerrarazi eta 40 urterekin erretiro aurreratuaren zigorrak ezabatzeko, baina ez dute halakorik egin".

Hori guztia haintzakotzat hartuz, Legebiltzarrari zuzendu zaizkio pentsiodunak, eskatuz behar diren neurri guztiak hartzeko.

Gaurkoan, babesa adierazi nahi diete Frantziako pentsioen aldeko grebari, eta ozen esan nahi dute beraien helburuak lortzeko "bermerik onena" mobilizazioa dela. "Prest gaude behar den denboran kalean jarraitzeko, astelehenero Euskal Herriko gero eta herri gehiagotan manifestatzen jarraituko dugula eta gure herri eta hirietako kaleak beteko ditugula".

Amaitzeko, gogorarazi dute bat egingo dutela urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorrarekin.