Herritarren 150 ekarpen jaso dituzte udal aurrekonturako

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 16a, 17:00
Urteta auzoan eginiko bilera. (Zarauzko Udala)

Askotariko proposamenak jaso dituzte, baina auzo gehienetan errepikatu dira, besteak beste, aparkaleku gehiagoren beharra eta egoiliarren aparkalekuen kontrol handiagoa.

Udalak positibotzat jo du 2020ko udal aurrekontuen harira herritarrekin egindako parte hartze prozesua. Auzoz auzo sei bilera antolatu zituzten azaroan, eta horietan biztanleen kezkak eta proposamenak jasotzeko parada izan zuten; baita helbide elektronikoz nahiz herrian jarritako postontzien bidez ere. Guztira, “150 ideia, proposamen edo gomendio” jaso dituztela jakinarazi du  Partaidetza eta Ekonomia zinegotzi Jesus Aranak, eta horiei esker, "Udal Gobernuak zarauztarren kezka nagusiak zein diren jakiteko aukera izan du".

Jasotako ekarpenak askotarikoak izan direla azaldu du zinegotziak, baina auzo batzuetan errepikatu diren hainbat eskaera azpimarratu ditu. Alde batetik, herrian aparkaleku gehiago behar direla, eta egoiliarren aparkalekuetan kontrol handiagoa. Bizikleta eta oinezkoen artean sortzen diren arazoei ere aurre egitea eskatu diote herritarrek udalari. Horrez gain, hainbat espaloien egoera aztertzeko eta haur jolas guneak eraberritzeko eskaera jaso dute. Baita Zelai azpibidea eta Gipuzkoa kalea elkartzen diren gunean biribilgune bat egiteko proposamena ere.

Garapenarekin aurrera

“Zarautzen garapenarekin aurrera jarraitu behar dugu, baliabide ekonomikoak eta sozialak zainduz. Elkarrekin joan behar dute”, adierazi du Aranak. Bere iritziz, aurreko agintaldian "aurrerapen handiak" lortu ziren, eta "zarauztarren bizi kalitatea hobetu genuen ekintza eta azpiegitura desberdinen bidez". Lanean jarraitu nahi dute, eta zinegotziaren esanetan, pertsonak izango dira beraien proiektu guztien "helburu eta ardatz".

Hobekuntzak egiteko asmoa dituzte kultur ekipamenduetan, kirolean eta udal zerbitzuetan, esaterako. Halaber, "etxebizitzak duen problematikari aurre egingo diogu baina eguneroko arazoak ahaztu gabe: garbitasuna, espaloiak, zakarrontziak…”. Bestalde, hiri espazio eta landa guneak hobetzeko proposamenak egin dira, eta horri ere erreparatu nahi diote.

"Herritarrek bilera hauek eskertzen dituzte. Beraien ideiak agertzeko aukera bikaina da. Herri dinamiko batean bizi gara eta guztion artean Zarautz hobetzeko konpromisoa eta desioa dagoela argi geratu zaigu”, gaineratu du Partaidetza eta Ekonomia zinegotziak. Udal Gobernuak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten bizilagun eta talde guztiei. Aurrekontu berrien zirriborroa itxiko badute ere, herritarren proposamenak entzuten jarraituko dutela azaldu du. Hauek Herritarren Arreta Zerbitzura (HAZ) edota udala@zarautz.eus helbidera bideratu daitezke.