Zarauzko Gabon ekitaldiek izen-abizen zehatzak dituzte

Onintza Lete Arrieta 2019ko abe. 20a, 09:00
Erregeen desfilea da Gabonetako une bereziena Javier Izetarentzat. (Onintza Lete Arrieta)

43 urte Baltasar erregea interpretatzen eta 38 Narrosko Jaiotza antolatzen; hori da Javier Izetaren (Zarautz, 1950) curriculumaren zati garrantzitsu bat. Egun bereziak datoz harentzat.

Duela 130 urte hasi ziren Errege Magoen desfilea egiten Zarautzen. 1936ko gerraren eraginez etenak izan zituen, baina azken 70 urteetan ez dute hutsik egin. Denbora horretan guztian parrokiko abesbatza Schola Cantorumek antolatu du ekitaldia, eta azken 43 urteetan barrutik bizi izan du Javier Izeta zarauztarrak. Haren esanetan, Errege Magoen kabalkadak badu berezitasun bat: "Sakramentuaren Jostakindea, gaztelaniaz Auto Sacramental, egiten dugu. Hau da, Jesus haurtxoa gurtzera joaten dira Erregeak, eta Errege bakoitzak abesti bat kantatzen dio a capella". Izeta da abesten duenetako bat Narrosko Jaiotzan, Baltasar Erregearen paperetik. 43 urte daramatza hori egiten; 26 urterekin hasi zen. 

Izetak dakienez, beste inon ez dute horrelako ekitaldirik egiten Errege Magoen desfileetan, eta beretzat Gabonetako momentu bereziena horixe da, une hori. Tokia, berriz, Narros jauregiko Jaiotza. Mimo handiz prestatzen dute urtero guztia, eta hor ere badu ardura Izetak, 1981etik berak antolatzen baitu. Hantxe kontatu ditu Jaiotzari buruzko xehetasunak, bozgorailuetatik Leonard Cohenen Hallelujah entzuten den bitartean. Esaterako, erakusketako figura asko poliesterrezkoak direla azaldu du. "Garai batean egurrezkoak izaten ziren, baina euriarekin hondatzen joaten dira, eta horregatik erabiltzen dugu material erresistenteagoa".

Aurten ere ari dira figura berriak egiten, material hori erabilita. Arduraduna bera izan arren, taldetxoa du inguruan, arlo mekanikoa zaintzeko–mugimendua baitute figura batzuek– edo bertan dituzten benetako animaliei jan-edana emateko. Mariano Itxaso, Juanito Huegun eta Agustin Arakistain dira horietako batzuk. "Garai batean, arlo mekanikoan lan asko egin zuen nire koinatuak ere, Bixente Segurola Txokolatek". Hain zuzen, azpimarratu du mugimendua duten figuren diseinua eta mekanika lana beraiek egindakoa dela. Urtean zehar Abendañoko lokal batean gordetzen dute Jaiotzako materiala, eta han ibiltzen dira figurak zaharberritzen, konponketa lanak egiten eta berriak sortzen.

Jaiotzak denetarik du: falta ezin den Jesus haurtxoaren estalpeaz gain, ohiko putzua ura ateratzeko, artzain eta baserritarrak, garaiko etxeak, errementariaren lantokia, baita benetako untxi, oilo eta indioilarrak ere. "Urte batean gertatu zen Jaiotza herritarrei irekitzeko eguna iritsi, eta artean falta zitzaizkigula zenbait figura­. Orduan, bururatu zitzaidan benetako oilasko batzuk jartzea. Halaxe, baserritarrei oilasko batzuk erosi eta itxitura jarri genuen. Harrezkero, ohitura moduan, animaliak edukitzen ditugu". 


Abendu hasieratik zabalik


Izetarentzat Jaiotza bere osotasunean da ederra, baina uste du bereziki figura batzuen mugimenduak ematen duela atentzioa, eta gauetan argiak pizten direnean ere giro berezia sortzen dela. "Gaur egun ikus daitekeen Jaiotza lortzeko hamabi urtez aritu ginen lanean udalaren laguntzarekin". Dena den, urtero izaten dira berrikuntzak. Esaterako, emakume garbitzailearen ondoan gizon baten figura jarri dute aurtengo Jaiotzan. 

Orain bizpahiru urtera arte, Gabon gauean irekitzen zuten Narrosko erakusketa. Orain, berriz, abendu hasieratik ikusgai izaten da Jaiotza. Aurten, hilaren 5ean zabaldu zituen ateak. Hori bai, Jesus haurra abenduaren 24ra arte ez dute estalpean jarriko. Egun horretan, 18:30ean egingo dute ekitaldia; Gabon giroko abesti batzuk kantatuko dituzte herritarrekin batera. 

Hantxe izango da Izeta ere. Gabonak oso bereziak ditu. Sinisduna den galdetu dio, ezinbestean, kazetariak. Eta berak, «bai noski», erantzun du.