Imanol Zubiaurrek irabazi du IV. Ramon Serras Lehiaketa

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 20a, 19:14

IV. Ramon Serras Argazki Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin dute gaur arratsaldean, Euskalduna tabernan. Aurten, 44 argazkilarik hartu dute parte –horietatik 13 izan dira zarauztarrak– eta guztira 148 obra aurkeztu dituzte.

Lehenik eta behin, zarauztarren lanik onenak saritu dituzte, Turismo Bulegoak sustatuta. Hala, Luis Epeldek jaso du lehen saria Entrenatzen lanagatik, eta Alex Jimenezek, berriz, bigarrena, Ramas de sal lanagatik. Biak ala biak Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideak dira.

Ondoren, hiru sari nagusien txanda etorri da. Aurtengo lehiaketaren irabazlea Imanol Zubiaurre beasaindarra izan da, eta Laino orrazia izeneko argazkia izan da lehen saritua. Bigarren saria jaso du Jose Agustin Gurrutxaga bergararrak, A primera hora lanari esker, eta hirugarrena Oscar Gascon irundarrak, Remando la niebla irudiagatik.

Lehiaketara aurkeztutako lan hautatuekin, urtero bezala, erakusketa jarri dute Euskalduna tabernan bertan.