Udal Elkarteko aurrekontuek "hutsune nabarmenak" dituztela dio EH Bilduk

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 26a, 10:36
Urola Kostako EH Bildu.

Urola Kostako EH Bilduk abstentzio kritikoa eman zion abenduaren 19an egindako batzarrean onartutako UKUEren aurrekontuari.

2020ko aurrekontuari hasierako onarpena eman zion aurreko astean Urola Kosta Udal Elkarteko Batzar Nagusiak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduko ordezkariak abstenitu egin ziren, aurrekontuak "hutsune nabarmenak" dituela iritzita.

Hondakinen bilketan atzerapausoa eman dela uste EH Bilduk,  Alex Oliden Zumaiako zinegotziak bere hitz hartzeann adierazi zuenez. 2016an akordioa sinatu zenetik, hondakinen edukiontzien erabilera egokia helburu duen jarraipena eta kontrol hurbila aldarrikatzen du EH Bilduk, "kale-hezitzaile talde eraginkor bat "eskatuz. "Iaz, gure koalizioaren ekimenez, helburu horretarako lantalde handitzea lortu zen, eta  datorren urterako, lantalde hori sendotzen jarraitu beharrean, bi langiletara murriztuko da".  EH Bilduren ustez, "hori ez da nahikoa hondakin organikoetan eta errefusean oraindik egiteko dagoen lan garrantzitsuari aurre egiteko".

Era berean, 2016ko akordioak sormenaren araberako kobrantza sistema aurreikusten zuen, “gehien sortzen duenak gehiago ordaindu behar du” printzipioarekin bat. 2019ko aurrekontu-akordioan azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zen, 2020. urterako sorkuntza-tasa batzuk ezartzeko oinarriak finkatuko zituena, "baina konpromiso hori ez da bete".

Gizarte Zerbitzuen alorrean ere aldaketak aldarrikatu ditu EH Bilduk. "Udaletatik mankomunitatera egin beharreko eskumen aldaketak" bideratu eta arlo honetan aurrerapausoak emateko premia azpimarratu zuen Olidenek. Horretarako, partida ekonomiko bat sartu beharko litzatekeela uste du, esaterako, bazterkeria egoeran dauden pertsonentzako legeak eskatzen duen zerbitzu integrala abian jartzeko pausoak ematen hasteko.

Beste aldarrikapen bat turismoa eta euskararen ingurukoa izan zen. EH Bilduren ustez, "Urola Kostako elkartea osatzen duten udalerrientzako turismo jarduera euskalduntzeko egitasmoa estrategikoa da, turismo eskaintza anitzagoa, bereziagoa eta, tokiko garapenaren ikuspuntutik, eraginkorragoa izateko." Bide horretan UEMA ezinbesteko kolaboratzaile modura ikusten du EH Bilduk, eta erakunde horrekin elkarlana berriro martxan jartzea eskatu zuen.

Azkenik, Alex Olidenek eskua luzatu zion Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariari elkarlanean aritu eta irtenbide egokiak bilatzeko.