Imanol Urbietaren kantu bilduma sailkatzeko beka sortu dute

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 3a, 14:28
Imanol Urbieta musikagilea.

Abenduaren 26ko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten bekaren oinarriak eta deialdia. 6.000 euroko laguntza jasoko du onuradunak.

Imanol Urbietaren kantu bilduma sailkatzeko beka bat emango du Zarauzko Udalak, konpositore zarauztarraren obra osoa ezagutarazteko eta jendearen eskura jartzeko asmoarekin. Bekaren oinarriak eta deialdia aho batez onartu zituzten abenduaren 26ko udalbatzarrean.

Deialdi ireki bidez tramitatuko da, norgehiagoka araubidean, eta horretarako dagozkion oinarriak prestatu ditu Kultura Departamentuak; horiek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte. Bekadunak 6.000 euroko laguntza jasoko du kantu bilduma sailkatzeko.

Urbietak bizitzan zehar landutakoa "ondare garrantzitsua" dela adierazi zuen Udal Gobernuko bozeramale Jesus Aranak osoko bilkuran, eta "horregatik ematen dugu urrats hau". Era berean, eskertu egin zuen musikagilearen familiak emandako erraztasunak hau aurrera eramateko.