Bihar etorriko dira Errege Magoak

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 4a, 11:00

Urduri igaroko dute asteburua hainbat etxetako haurrek. Bihar gauean utziko dituzte opariak Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, baina horren aurretik, herritarrak agurtuko dituzte herriko kaleetan.

Beste urte batez, zuzi usainez eta kolore deigarriz jantziko dira Alde Zaharreko kaleak urtarrilaren 5ean. Errege Egunaren bezpera izango da bihar, eta gauez etxeetara opariak uztera sartu aurretik, herriko kaleak zeharkatzen dituzte beraien laguntzaileekin, musika bandarekin eta karroza koloretsuarekin batera.

18:30ean hasiko da kabalkada, eta urteroko ibilbidea egin ondoren, Lege Zaharren enparantzan Sakramentuaren Jostakindea egingo dute, hau da, Jesus haurtxoa gurtzera joango dira Erregeak, eta bakoitzak abesti bat kantatuko dio a capella.