Untzain auzoko bideak asfaltatzen hasiko dira asteazkenean

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 6a, 09:24
(Xabi Txurruka)

Campezo Obras y Servicios S.A. enpresari esleitu dizkio udalak aurtengo asfaltatze lanak, 400.000 euro inguruko aurrekontuarekin.

2020ko asfaltatze plana etzi hasiko da Untzain auzoan. Zarauzko Udalak Campezo Obras y Servicios S.A. enpresari esleitu dizkio asfaltatze lanak, 399.899,18 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin eta bi hilabeteko exekuzio epearekin. Lanak Alkortiaga bidean hasiko dira, asteazken honetan, 08:00etan. Eguraldia egokia bada, urtarrilaren 22an amaituko dira lehen lan horiek.

Obrek ibilgailuen zirkulazioari eragingo badiote ere, auzotarrek sarrera irteerak egiteko aukera izango dute, Campezo Taldeko Asfaltia enpresaren esanak jarraituz.

Ondoko adierazpenak egin ditu Iban San Martinek, Obra eta Zerbitzu zinegotziak: “Obrek sortu ditzaketen eragozpenengatik barkamena eskatu nahi dugu, baina emaitzak guztion mesederako izango direla argi daukagu. Azken urteetan asfaltatze lanak eremutan banatu ditugu eta aurten ere auzoz auzo egingo ditugu: Untzainen, Zelai Ondon eta Azken Portun. Bestalde, gure asmoa da Zarauzko beste eremu batzuetan asfaltatzeko geratu diren bideak errematatzea". Era berean, zinegotziak aurreratu du Asfaltatze Planak Txurruka eta Frantzeskua bidean jarraituko duela eta beste hainbat kaletan ere egingo dituztela lanak: Gipuzkoa kalean, Zinkunegi kalean, Jaurtakol kalean, Bizkaia kalean, Zelai Ondo kalean, Zelai Ondoko plazoletetan, Mateo Mujikan eta Egaña kalean, hain zuzen.