Autokarabanen kokapenaz

Aritz Mutiozabal 2020ko urt. 8a, 08:30
Irita ekialdean lurrak harrotuta. (Aritz Mutiozabal)

Zeresan handia ematen ari da Udal Gobernuak Irita ekialdean eraiki nahi duen autokarabanen aparkalekua. Bizilagun talde bat, esaterako, sinadurak biltzen ari da proiektuaren aurka. 

Indamendi kaleko bizilagun talde batek  –Gimenez aita-semeek osatutakoa– sinadura bilketa jarri du abian Itxasmendi auzoan autokarabanen aparkalekuak eraikitzearen kontra. Kokaleku berriak zeresan handia eman du auzoan. 2020ko udal aurrekontu parte hartzaileen harira, Itxasmendin eginiko bileran jakitera eman zuen Udal Gobernuak autokarabanentzako aparkalekua eraikitzeko asmoa duela Iritan. Saioan bertan iragarri zuen udarako prest egongo dela azpiegitura.

Udal Gobernuak HITZAri jakitera eman dionez, gaur egun Abendaño-Errotaberrin burutzen ari diren obrengatik, Aiziazpi kalean dagoen autokarabanen aparkalekua ez da egokia izango, "trafikoa areagotuko delako". Hori kontuan izanda, autokarabanentzako gune publikoa lekuz aldatzea "beharrezkotzat" jo dute. Proiektua Oina ingeniaritzari esleitu diote, eta egitasmoa bera zehaztutakoan jakitera emango dute informazio zehatzagoa.

Horrekin batera, Irita hezegunearen naturalizazioa URA Euskal Ur Agentziak egin du, eta Udal Gobernuak dio URA jakitun dela Irita ekialdean udalak egin nahi duen lanaz, eta horren aurrean agentziak ez duela eragozpenik jarri.


Sinadurak biltzen


Gimenez familiak, beste hainbatek bezala, baratze bat zuen Irita ekialdeko udal lurzorutan, eta kartel baten bidez jakin zuen abenduaren 18an baratzea utzi egin beharko zuela, bertan aparkalekua egiteko asmoa dutelako. Urtea bukatu baino lehen hondeatzailea bertatik pasatu zuten, eta lurra altxatuta dago une honetan. Itxasmendi auzo «oso lasaia» dela nabarmendu du Mikel Gimenez semeak, "trafiko gutxikoa", eta aparkaleku bat egitea ez dela «erakargarria» dio. Era berean, azpimarra berezia egin dute auzolagunek Irita herriko gune berde handienetako bat dela adieraziz. "Atsekabetu eta haserretu egingo gintuzke aparkaleku horren ondorioz, auzoko trafikoa biderkatu egingo balitz eta auzoa turistaz eta zikinkeriaz beteko balitz", azaldu dute.

Mezua udalera helarazi nahi dute auzotarrek. "Herritarrok aukeratu dugu udala, eta iruditzen zaigu guztion erabakia izan beharko lukeela horrelako aldaketa bat. Orduan, nahi dugu mezua udalera iristea, hau da,  jendea ez dagoela erabakiarekin ados".

Duela bi aste jarri zuten abian sinadura bilketa. Etxez etxe aritu dira, eta, horrez gain, etxebizitza bakoitzeko ezkaratzetan utzi dituzte eskuorriak, baita auzoko okindegian ere. Luisma Gimenez aitak ondorengoa kontatu du: "gure kasa hasi ginen bilketarekin, Itxasmendi Auzo Elkarteak orain arte begi onez ikusten zuelako udalaren proiektua. Orain, sortzen ari diren gorabeherekin, badirudi birplanteatzen ari direla gaia". 

Aurretik ere Interneten egin zuten sinadura bilketa Change.org plataforma digitalaren bitartez, eta 700 sinadura pasatxo lortu zituzten. Kontua da, zarauztarrez gain, beste herri batzuetako jendeak ere izena eman zuela bertan. Oraingo honetan auzoan egon dira batik bat babesa jasotzen. Bilketa aurki bukatuko dutela iragarri dute bizilagunek, eta ondoren udalean aurkeztuko dute aparkalekua ez eraikitzeko eskaera. Arkamurkarekin elkartzeko eta haiekin hitz egiteko asmoa ere erakutsi dute.


Auzotarrekin prozesua


Azpiegituraren berri emateko modua ez dela egokia izan uste du EH Bilduk: "Nahiz eta bilera horretan bertan eman zitzaion Itxasmendiko Auzo Elkarteari proiektu horri buruzko dokumentazioa, abenduaren 12ko udal batzordera arte oposizioak ezin izan du inolako informazio dokumentalik izan, aurrez alkateari zuzenean eskatu arren".

Udal Gobernuaren aparkaleku proposamenaren inguruan iritzia eman ahal izateko, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela gai garrantzitsuak argitzea, eta, horretarako, ezinbestekoa dela "auzotarren iritzia" ere jakitea. "Aparkalekuaren kokalekuaren behin-behinekotasuna, autokarabanentzako erabilera esklusiboa, sarrera eta irteerak, eta haurtzaindegiaren ondoko hartxintxar-aparkalekuaren etorkizuna dira, besteak beste, bizilagunekin eztabaidatu beharreko gaiak. Horrelako azpiegitura batek eragin zuzena du auzoan eta bertako bizilagunengan, eta, beraz, guztiz logikoa eta exijitzeko modukoa da parte hartze prozesu bat abian jartzea", aditzera eman du koalizioak.

Ondorioz, EH Bilduk eskatu dio Udal Gobernuari Itxasmendiko bizilagunei zuzendutako partaidetza prozesu bat abian jartzeko, "auzorako eta Zarautzerako egokiena dena eman eta erabaki dezaten".