Ulaciak gogoz ekingo dio berriro ligari, igandean

Zast Saskibaloia 2020ko urt. 10a, 18:04

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia taldeak igande honetan ekingo dio berriro lehiari Aritzbatalde kiroldegian, 18:30ean. Talde sendo bat izango du aurkari 15. jardunaldian, Burgosko Nissan Grupo de Santiago taldea.

Bi taldeek dinamika erabat kontrajarriekin ekiten diote urteari. Etxeko taldeak, Ulaciak, galdu egin ditu urtea amaitu aurreko azken hiru partiduak, eta Burgoseko taldeak, berriz, azken bost partiduak jarraian irabazita etorriko da Aritzbataldera.

Irabazitako eta galdutako partiduen bolada horiek ondorio logikoa izan dute sailkapenean, eta Burgosko taldea laugarren postuan dagoela etorriko da Zarautzera, eta etxeko taldeak, berriz, hamaikagarren posturaino jaitsita abiatuko du urtea EBA ligako AA multzoan.

Burgosko taldeak jarraipena eman nahiko dio bere bolada onari, eta etxeko taldeak, berriz, orekatu egin nahi du irabazi-galduen balantzea, irabazitakoak baino partidu bat gehiago galduta iritsiko baita ligako jardunaldien erdialdera; izan ere, hogeita hamar jardunaldi ditu ligak, eta hamabosgarrena izango da asteburu honetan jokatuko dena.

Ulaciak hamabostero erakusten du etxean irabazteko talde gaitza dela, eta igande honetan ere beste horrenbeste egin beharko du aurrean izango duen talde gogorrari gailenduko baldin bazaio. Helburu hori lortzeko, premiazko izango du, beste behin, zaleen eta jarraitzaileen bultzada.