Kukai Dantzaren 'Gauekoak' obra, otsailaren 7an Modelon

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 12a, 09:00

Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, Jon Maya dantzaria igoko da oholtzara, ordubeteko saioa eskaintzera. Zuzeneko musikak girotuko du emanaldia. Sarrerak zortzi euroan daude salgai.

Kukai Dantza konpainiaren Gauekoak obra ikusteko aukera egongo da otsailaren 7an, ostirala, Modelo aretoan. Jon Maya dantzariak eskainiko du saioa, eta zuzeneko musika eskainiko dute Xabi Bandinik eta Arkaitz Minerrek.

Konpainiakoek azaldu dutenez, "gogoeta pertsonal intimo eta berezi batetik sortu da proiektu hau". Izan ere, Mayak "bere sormen prozesuaren ateak ireki ditu, ibilbidean lagun izan dituen kide eta artistek hauspotuta". Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean aurkezten den obra hau "isil-hizketa intimo, goxo eta pertsonal" gisara definitu du Kukai Dantzak.

Ordubeteko saioa 22:00etan hasiko da, eta sarrerak 8 euroan salgai daude Sanz Enean.