Eman gabe utzi dute Lizardi Saria

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 13a, 14:12

17 lan aurkeztu dituzte aurtengo sariketara, baina epaimahaiak iritzi dio ez dela izan espero litekeen literatur mailarik, eta horregatik saria hutsik uztea erabaki du. Epaimahaiko kideek hainbat proposamen egin dituzte, lehiaketa eraberritze aldera.

Zarauzko Udalak antolaturiko Lizardi Sariaren XXXVIII. edizioa irabazlerik gabe geratu da. Saririk ez ematea erabaki du Yolanda Arrieta, Miren Agur Meabe, Alex Gurrutxaga eta iazko irabazle Idoia Garzesek osatutako epaimahaiak, eta, horrekin batera, gogoeta sakona egin du saria eraberritzeko eta indartzeko.

Guztira, 17 lan aurkeztu dira lehiaketara, aurreko urteetan baino dozena erdi gehiago, bataz beste. "Alabaina, oro har, ez da erdietsi gisa honetako sari batean espero litekeen literatur mailarik. Ez da edizio bati dagokion kontua, azken urteetan sumatu ahal izan dugun joera baizik; sarituriko lanak salbuespen, noski. Horregatik, beharrezkoa iruditzen zaigu hausnarketarako eta eztabaidarako tarte bat hartzea, inertziari aurre eginez, Lizardi sariak bultzatzen duen literatur generoa atera dadin irabazle, hots, euskarazko Haur eta Gazte Literatura", aditzera eman dute epaimahaiko kideek.

Lizardi Sariak 38. edizioa du, eta nabarmendu dute "txalotzekoa" dela udalak sariketa mantentzeko eta Haur eta Gazte Literatura indartzeko egin duen lana. "Baina egia da, halaber, gure literatur sistemaren egoera asko aldatu dela azken lau hamarkadotan. Sariketa martxan jarri zenean euskal liburuak behar genituen, haurrentzako literatura, hezkuntzarako materialak, eta abar. Gaur behar hori asetuta dugu gutxi-asko, eta beharra ez da (edo ez hainbeste) kantitateari dagokiona, baizik eta kalitateari edo egiteko moduari dagokiona. Ondorioz, sariketak ere, ahal den neurrian, egoerari egokitzen saiatu behar luke, gure ustez".

Hainbat proposamen

Eraberritze horretarako, hainbat proposamen egin dituzte. Alde batetik, beharrezkoa irizten diote haur literatura eta gazte literatura modalitateak bereiztea. "Azken urteetan adin tarte oso zabalari zuzenduriko lanak aurkeztu izan dira, eta HGLren espezifikotasun zenbait lausotuak geratu. Hau konpontzeko aukera bat bi modalitateak txandakatzea izan daiteke, urte batean Haur Literatura sariketa antolatuz, eta hurrengoan Gazte edo gaztetxo Literatura". 

Liburuaren edizioa eta formatuari dagokionez, udalak ahalegina egiten du Zarauzko eskoletan banatzeko tirada oso bat bideratzen. "Baina liburuak erruz argitaratzen diren garaiotan, interesgarriagoa izan liteke, liburuak oparitzea baino, ahalegin hori edizio dotore bat osatzen egitea. Modu horretan, Lizardi Sariak izan duen erreferentzialtasuna edizio-lan txukunak ere islatuko luke".

Bestetik, "eraberritzeaz hitz egiterakoan", ezinbestekotzat jo dute aurkezten diren lanei buruz ere pentsatzea. "Umiltasunez bada ere, epaimahaiak azpimarratu nahi luke Lizardi Sariak literaturari egiten diola gorazarre. Horregatik, beharrezkoa da infantilismoa, didaktismo hutsa eta erabilgarritasuna baztertzea. Literaturaren indarra, obra edozeini zuzendua delarik ere, eraikitzen duen fikzioaren sendotasunetik eratortzen da; eta, HGLren kasuan, haurrarentzat esanguratsuak diren mundu erreal nahiz fantastikoen eraikuntzak pizten du literaturaren garra. Beraz, ezinbestekoa da irudimenaren, baliabide estetikoen eta ludikotasunaren potentzial agortezina aldarrikatzea. Ez dezagun ahaztu literatura hitzaren unibertsoa dela, eta hitzez sortzen duela unibertsoa".

Zarauzko Udalak, bere aldetik, eskerrak eman nahi dizkie edizio honetan parte hartu duten idazle guztiei: "Literatur lan bat idazteak ilusio, denbora eta esperantza asko eskatzen du. Idazle bakoitzak bere bidea egiten du pasio duen diziplina horretako prozesuan aurrera egiteko, eta ez da erraza norberaren lana beste begiek balora dezaten aurkeztea". Era berean, epaimahaiak azaldutako aholku eta oharrak aintzat hartzeko konpromisoa hartu du, haur eta gazteen irakurzaletasuna eta literaturarako zaletasuna suspertu eta mantentzeko helburuarekin.