Zarauzko merkataritzari buruzko azterketa egingo du udalak

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 15a, 12:11
Zarauztarrak Kale Nagusian erosketak egiten. (Zarauzko Udala)

DATAKEY enpresa arduratuko da herriko merkataritzaren inguruko galdeketa egiteaz. Saltokien egoerari eta herritarren kontsumo ohiturei buruzko informazioa bilduko dute.

Zarauzko Udal Garapen Ekonomiko Iraunkorreko arloak merkataritzari buruzko azterketa eskatu dio merkatu azterketak eta iritzi inkestak egiteaz arduratzen den Instituto DATAKEY enpresari. Horren bidez saltokiei buruzko informazioa batu nahi dute, baita herriko merkatarien egungo profila eta herritarren kontsumo ohiturak hobeto ezagutu ere. "Hurrengo urteetako ekintzak hobeto planifikatzeko gai izango gara batzen dugun informazioari esker. Tokiko merkataritza urte zailak igarotzen ari da eta gure herriak bizirik jarrai dezan, denok batera lan egin behar dugu", adirazi du Iker Basurko Garapen Ekonomiko Iraunkorreko zinegotziak.

Datozen egunetan aipatu enpresak elkarrizketak egingo dizkie norbanakoei zein saltokiei. Hori dela eta, Zarauzko Udalak aurrez eskertu nahi du herritarren parte hartzea, "Zarauzko merkataritzaren etorkizunaren alde" egingo baitute erantzuten dutenek.