Hazilan programaren 9. edizioa abiatuko da urtarrilaren 27an

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 16a, 15:12

Urtarrilaren 24an amaituko da izen-emate epea. Partaideek enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute.

Urola Kostako Udal Elkarteak Hazilan programa antolatu du bederatzigarren aldiz. Egitasmoa eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei bideratuta dago. Zehatzago esateko, goi mailako ikasketak dituzten 20-44 urte bitarteko eskualdeko gazteei. Izena emateko epea urtarrilaren 24an amaituko da.

Azken bi aldietan bezala, edizio honetan ere prestakuntza eskaintza indartzeko apustua egin du udal elkarteak. Gainera, parte hartzaileek enpresetan praktikaldia egiteko aukera izango dute. 

Programak hiru atal nagusi izango ditu. Lehendabizi, zeharkako konpetentziak landuko dira bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integrala eskainiz. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, parte hartzaileek prestakuntza teknikoa jasoko dute sarean norberaren marketina egitearen inguruan.

Amaitzeko, beti ere norberaren lan-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Argibideak eta izen-ematea

Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Tramitazio elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute. Informazio gehiago hemen eskura daiteke, edo telefonoz 943-89 08 08 zenbakira deituta, nahiz hazilan@urolakosta.eus helbidera idatzita. Vanessa Garcia da teknikari arduraduna.