Ohi baino arinago piztu da sua

Mikel OrbaƱanos Iribar - Berria.eus 2020ko urt. 18a, 11:00

Australiako suteek 28 pertsona hil eta hamar milioi hektarea erre dituzte. Egoerak kezka eta haserrea piztu ditu herritarren artean, eta horren lekuko dira Melbournen eta Sidneyn bizi diren hainbat euskal herritarrak; horien artean, Amaia Zubiaurre zarauztarra. Hona hemen Berria egunkariak eginiko erreportajea.

Australian, uda garaian, ohikoak dira baso suteak, baina aurtengoan sugarrak udaberritik ari dira etenik gabe basoetan zabaltzen, eta aurrean topatzen duten guztia kiskaltzen. Egoera berezia bezain kezkagarria da benetan. Oraindik ehun sute baino gehiago itzali ezinik daude. Agintariek kalkulatu dutenez, irailetik seiehun sutetik gora izan dira, eta 10,4 milioi hektarea baino gehiago erre dira Islandiaren azaleraren pare, Euskal Herria halako bost. Australiako hego ekialdean dauden Victoria eta Hegoaldeko Gales Berria dira suteen eraginez kalte gehien izan duten estatuak. Gobernuak jakinarazi duenez, suteen ondorioz 28 lagun hil dira, tartean lau suhiltzaile.

Eguraldiak ere ez du batere lagundu suteak apur bat baretzeko. Ez du apenas euririk egiten, eta lehortea luzatzen ari da. 2019ko abendua, esaterako, inoizko hilabeterik beroena izan zen Australian: hilaren 17an, batez beste 42 gradu egin zituen Australia osoan. Suteen arrisku zuzenekoez gain, kutsadura arazo larri bilakatzen ari da, eta, horren ondorioz, aire kalitatean eragin zuzena izan du. Air Visual nazioarteko erakundeak emandako datuen arabera, Victoria estatuan dagoen Melbourne hiria, gaur-gaurkoz, munduan aire kalitate okerrena duten hirietan bosgarrena da.

Horren lekuko dira, besteak beste, Ane Martin antzuolarra eta Ione Arbilla iruindarra.Hiruzpalau hilabete daramatzate Melbournen bizitzen, eta esan dute suteak eta kea eguneroko gaiak direla hedabideetan zein kalean. «Ez nuen espero egoera latz hau biziko nuenik». Martinen aitorpena da. Suteak antzuolarra bizi den lekutik kilometro gutxira daude, eta hiria sugarrek sortutako ke-laino geruza batez egon da estalia pare bat hilabetean. «Gure etxe aurreko eraikina ezin genuen ikusi ere egin». Arbilla biologoa da, eta esan du bizitzen ari denak barruak astintzen dizkiola. «Naturaren eta biodibertsitatearen aldetik, sekulako sarraskia gertatzen ari da». Halere, suteak egon diren beste lekuekin alderatuz gero, Melbournen egoera «leuna» dutela nabarmendu du. «Sidneyko egoera, esaterako, okerragoa da». Hain zuzen ere, Hegoaldeko Gales Berria estatuko hirian bizi dira Amaia Zubiaurre zarauztarra eta Bihotza Uberuaga gernikarra.

Zubiaurrek bi urte inguru daramatza trafiko langile gisa lan egiten, eta, lan ordu gehienak kanpoan igarotzen dituenez, kearen ondorioak pairatzen ari da. «Kea arnastu dudanez, denboraldi batez buruko minez egon naiz, eta zorabioak ere izan ditut. Australiako hedabideetan entzun dudanez, eguna etxetik kanpo igarotzean jasaten dugun kaltea, 32 zigarro erretzearen adinakoa da». Uberuagaren esanetan, Sidneyko lekurik entzutetsuena, Opera House, adibidez, ke artean dago ezkutatua. «Itsasora hurbilduz zoazen heinean, askoz ere ke laino handiagoa dago. Tximinia baten aurrean egotearen parekoa da».

Erreportajea osorik irakurri daiteke Berria.eus atarian.