Luzapenean galdu du Zast-Ulaciak 16. jardunaldiko partida

Zast Saskibaloia 2020ko urt. 20a, 09:00

EBA saskibaoi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulaciak luzapenean galdu du Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian Gasteizko Baskonia taldearen aurkako partida, ligako 16. jardunaldian. Emaitza ezin estuagoa izan da, 82-83, Baskoniaren alde.

Giro benetan paregabea zegoen atzo Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian, harmailak beterik eta ACB ligako Baskonia talde ahaltsuaren filiala ikusteko gogo handia. Kaleko giroa bezain hotz hasi du partida etxeko taldeak, erritmorik hartu ezinik. Baskoniak sei puntuko aldeaz ekin dio partidari hiruko bi saskiratzer esker, baina Ulaciak, bere defentsa sendotu ahala, konfiantza hartu du bere erasoko jokoan ere, eta bi puntura murriztu du hasierako alde kezkagarri hori partidako lehen laurdenaren amaieran.

Defentsa sendo hori koska bat estutuz eta jokoa bizkortuz, goitik behera menderatu du Zastek bigarren laurdena. Presio lan bikain baten ondorioz, baloi lapurretak egin ditu eta kontraerasoak zein barneraketak baliatu ditu hamahiru puntuko abantailaz iristeko partidaren erdialdera.

Nabarmentzekoa izan da, bigarren laurden horren amaieran etxeko jokalarien goraldia. Azkar mugitu dute baloia hiruko saskiratzeak lortu dituzte bikain egindako blokeoei esker, eta talde osoaren defentsa onak iparra galdurik utzi du Gasteizetik etorritako taldea.

Partidaren denbora ofizialeko bigarren zatian, hirugarren laurdenean, gauzak aldatzen joan dira pixkanaka. Baskoniako  jokalarien garaiera gailentzen hasi da, eta etxeko taldeari kosta egin zaio erasoko jokoaren abiadurari eta argitasunari eustea. Zast-Ulaciaren azken partidetako eskema errepikatu da, eta pilatutako errenta jan dio aurkariak, arian-arian.

Azken laurdenean Zast-Ulaciak ezin izan du partidak hirugarren laurdenetik zekarren inertzia aldatu. Gasteizko jokalariek, beren garaierari esker, errebotean nagusitzen jarraitu dute eta gero eta zailago egin zaie etxeko jokalariei gasteiztarren barnealdiak geldiaraztea.

Urduritasuna eta tentsioa gailendu dira partiduko azken minutuetan Laurdenaren azken baloi jabetza Baskoniarena ian da partida berdinduta zegoela, baina ez du azken jaurtiketa sartu eta luzapena jokatu behar izan dute.

Zast-Ulaciak bi jokalari gutxiagorekin ekin dio azken laurdenari, bost falta pertsonal egin baitituzte arauzko berrogei minutuetan, eta luzapenean bertan beste jokalari bat galdu du. Joko antolatzailerik gabe jokatu behar izan ditu azken minutu horiek.

Zailtasunak zailtasun, partida irabazteko azken jaurtiketa bat izan du etxeko taldeak azken segundoan, baina sartu ez denez, sasoi honetako zortzigarren porrota erdietsi du Zast-Ulaciak, etxean jasotzen duen bigarrena.

Galdutako partida horren ostean, sailkapeneko hamaikagarren postuan da Ulacia, bederatzigarren postuan dagoen Tabirakorekin taldearekin berdinduta.

Datorren jardunaldian Ulaciak ez du partidarik izango, eta otsailaren 1ean jokatuko du hurrengoa, etxetik kanpo, Goierri-Iparragirre 2020 taldearen aurka, Urretxuko Aldiri kiroldegian.