Udalak 36,7 milioi euro izango ditu, horietatik 4 inbertsioetarako

Aritz Mutiozabal 2020ko urt. 23a, 08:00
Aurrekontuak onartzeko unea, udalbatzarrean. (Aritz Mutiozabal)

Asteartean onartu zituzten behin-behinean aurrekontuak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk proposatutako lau zuzenketak ez ziren aurrera atera.

Azken hilabeteetan agintaldi plana garatzeaz gain, agintaldi berriko lehen aurrekontuak landu ditu EAJk eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuak. Asteartean eraman zituen ezohiko udalbatzarrera, eta hasierako onespena jaso zuen, nahiz eta oposizioko udal taldeek, bai EH Bilduk bai Podemos Equo-Berdeak koalizioek, kontra bozkatu. Hala, udalak 36.765.498,40 euroko aurrekontua izango du 2020an.

«Irizpide bezala, gastuak egonkortzea, diru laguntzak bermatzea eta inbertsio kapitulu potente bat txertatzea izan dira gure helburu nagusiak», jakitera eman du Ekonomiako zinegotzi Jesus Aranak. Diru sarrerei dagokionez, nabarmendu du Gipuzkoako Fondo Foraletik (Transferentzia arruntak) jasotzen duela udalak zenbateko guztiaren erdia; hau da, 18,5 milioi euro. Bestetik, aurten Salberdingo R-4 partzela enkantean aterako dute, eta udalak 6 milioi euro inguru lortzea espero du, baina zuhurtziaz jokatu nahi dute, eta horregatik 4,1 milioi euro ezarri dute kapitulu honetan. Hortik ateratako dirua udal lurzoruetan inbertituko dute legeak hala exijitzen duelako.

Gastuen atalean, zenbateko handiena pertsonal gastuetara bideratzen da. Une honetan, 215 langilek osatzen dute udala, eta, guztira, 11 milioi euro zuzentzen dira. Bestetik, launa milioi euro aurreikusi dituzte aurten transferentzia arruntetarako (kirol, kultur, euskara eta gizarte arloko laguntzak) eta inbertsioetarako. Hainbat inbertsio nabarmendu dituzte: Lizardiko pista estalia eta aldagelak, Maria Inmaculadari eraikina erostea musika eskolarentzat, Astiko aisialdi gune berria, Udaltzaingoaren egoitza berria, Orokietako jolastokia, asfaltatze plana, arboretoa eta negutegia, besteak beste.


Zuzenketak


Aurrekontuak bozkatu aurretik, EH Bilduk lau zuzenketa aurkeztu zituen ezohiko bilkuran: Salberdingo R-4 partzelako enkantetik lortutakoaren 1,1 milioi eurorekin Hegoaldeko lurrak erostea proposatu zuen; Bol&Tok eta Antoniano kirol elkarteentzat, bolatoki berri bat eta atletismo gune xumeago bat eskatu zuen; baita, negutegia eta lorazaintzako partida pentsiodunei eta kirol eta kultur mahaiak sortzeko bideratzea ere. Horrez gain, Euskal Herriko Parrilla Txapelketako partida herriko eta auzoko jaietara bideratzea eskatu zuen. Zuzenketak ez ziren aurrera atera, EAJren eta PSE-EEren ezezkoekin; Podemos Equo-Berdeak taldeko ordezkari Oihane Delgadok lehenengo proposamenean kontra bozkatu zuen, baina beste hiruretan alde agertu zen. 

Aurrekontua baloratzerakoan, «injustua» eta «ez solidarioa» bezala jo zuen Podemos Equo-Berdeak koalizio bozeramaileak, eta ez daudela «herritarren beharrekin konprometituta» adierazi zuen.

EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruak esan zuen epeak eta bideak «desegokiak» izan direla, eta «elkarlanerako borondate eza» egon dela iruditu zaiela. Horrekin batera, EAJri eta PSE-EEri leporatu zien koalizioarekin sinatutako konpromisoa ez betetzea, eta zenbait esparrutan informazio falta izan dutela, esate baterako, Plan Estrategikoaren eta Agenda 21eko gaietan.

«Aurrekontu sozialak, herrikoiak eta justuak dira, herritarren orainean eta geroan pentsatutakoak», azpimarratu zuen Ekonomia zinegotziak. Plan Estrategikoaren berri bere momentuan emango dutela erantzun zion EH Bilduri, eta azaldu zuen hartutako konpromisoa berdina ez dela izango, «baina izpiritua hor dago».

PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek, bere aldetik, azaldu zuen Agenda 21eko hirugarren plana berretsi ordez, pauso bat aurrerago eman nahi izan dutela eta Agenda 30 iraunkortasun plan estrategikoari heltzea erabaki dutela.

 

Plan estrategikoa garatzeko parte hartze prozesua


«Iraunkortasuna, ekitatea eta parte hartzea» izango dira Udal Gobernuaren agintaldiko ildo nagusiak, eta hori guztia islatuko duen proiektu nagusia Plan Estrategikoa izango dela nabarmendu du Jesus Aranak. Epe laburrera «deialdi oso zabala» egingo dutela jakitera eman du: «Plan Estrategiko hori prozesu parte hartzaile bat izatea nahi dugu; hau da, etorkizuneko Zarautz bere abantaila, arazo, herritarren proposamenekin, bertako eragile eta taldeekin elkarlanean garatutakoa».

Horretarako enpresa bat kontratatuko dute; aurreikusten dute udaberri bitartean esleitzea. Prozesuak hainbat fase izango dituela aurreratu dute, «osatzeko bere denbora beharko duelako». Gidaritza enpresa batek izango badu ere, udalak ere parte hartu eta koordinatuko du.