Marka saiakera egingo du Izeta IV.ak otsailaren 8an

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 23a, 12:08

150 jasoaldi segidan egiten ahaleginduko da Hodei Iruretagoiena, 'Izeta IV.a'. Horietako 100, esku batekin egingo ditu. Udane Ostolaza oriotarrak ere errekor saiakera egingo du.

Bi marka saiakera ikusteko aukera izango da otsailaren 8an Aritzbatalde kiroldegian. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a bi harriri 150 jasoaldi egiten ahaleginduko da.

100 kiloko kopa esku bakarrarekin 100 aldiz altxatzea izango du erronka eta, jarraian, 125 kiloko kubikoa 50 aldiz jaso beharko du.

Udane Ostolaza harri-jasotzaile oriotarrak ere errekor saiakera egingo du, 75 kiloko errektangularrarekin.

18:00etan hasiko da kirol proba, eta sarrerak 15 euro balioko du.

Ondoren, erakustaldia

Aritzbataldeko ikuskizuna ez da errekor saiakerekin amaituko. Horien ostean, harri-jasotze erakustaldia egingo dute Mikel Lopetegi Urra, Aimar Irigoien, Unax eta Jakesek. Era berean, Arria V.ak eta Txapartegik pentatloiko probak egingo dituzte.