Iraia Eliasen eta Amancay Gaztañagaren 'Matriuska' antzezlana, saritua

Zarauzko hitza 2020ko urt. 27a, 19:16

Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdian Ttak Teatroaren eta Kamikaz Kolektiboaren 'Matriuska' antzezlana saritu dute. Obrako aktoreak Iraia Elias zarauztarra eta Amancay Gaztañaga zestoarra dira. Lan hori Donostiako 29. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian egingo dute otsailaren 2an, 9an, 14an eta 15ean.

 

Urtarrilaren 29tik otsailaren 16ra bitartean egingo dute Donostiako 29. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia. Gaur aukeztu dute jaialdiko egitaraua. Formatu txikiko arte eszenikoak zabaltzea da jaialdiaren helburua. Aurten, hamargarren aldiz, Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdia egin dute, eta sariketa horretan irabazlea izan da  Ttak Teatroaren eta Kamikaz Kolektiboaren Matriuska lana. Obra horren egileak Iraia Elias zarauztarra eta Amancay Gaztañaga zestoarra dira.

Hamasei konpainiak parte hartuko dute aurtengo jaialdian, Donostiako 26 espaziotan banatuta. 34 emanaldi egongo dira denera, hamasei euskaraz eta hemezortzi gazteleraz. Matriuska antzezlanaren lau emanaldi izango dira: otsailaren 2an, 19:30ean, Le Bukowskin (Egia); otsailaren 9an, 19:30ean, Itsas Aurren (Igeldo); otsailaren 14an, 20:00etan, Etxarrienen (Martutene); eta otsailaren 15ean, 19:00etan, Kontadoresen (Bidebieta).