"Euskara eta euskal nortasuna" izango ditu ardatz UKUEren turismo eskaintzak

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 28a, 09:41
Lourdes Salsamendi eta Iker Goiria 'Ongi Etorri Euskararen Herrira' proiektua aurkezten. (UKUE)

Ongi Etorri Euskararen Herrira proiektua aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak Fitur azokan, eta eragileekin sentsibilizazio eta formazio saioak egingo ditu.

Urtero bezala, Urola Kostako herriek ordezkaritza zabala izan dute amaitu berri den Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan. Aurten, ordea, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) proiektu berria aurkeztu du han Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, turismoan euskarari "dagokion balioa" emateko.
 
Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak eta Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendariak azaldu dituzte Ongi Etorri Euskararen Herrira izena duen 2020ko turismo kanpainaren nondik norakoak, eta nabarmendu dute "euskara eta euskal nortasuna" izango dituela ardatz aurtengo turismo eskaintzak, euskara Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako "kultur ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarria" delako.

Hala, lanketa berezia egingo dute Uemarekin elkarlanean, turismo sektoreko eragile guztiekin, herriz herri. Bisitariei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo dute lan. Izan ere, "euskaldun gisa ahalduntzeko eta euskarazko harremanak areagotzeko aukera bikaina" izango da proiektua bertakoentzat. 

Proiektuaren arduradunek aditzera eman dutenez, aurrez aurreko hamabi sentsibilizazio eta formazio saio egingo dituzte martxoan, herriz herri. "Saioetan udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko ditugu turismo arloan lan egiten duten eragileak. Hainbat material ere banatuko dugu". Otsailean gonbidatuko dituzte eragileak saioetan parte hartzera. Egitasmoaren jendaurreko aurkezpena martxoaren amaieran egingo dute, eta orduan jakinaraziko dituzte Aste Santutik irailera bitartean egingo dituzten ekimenak.

Europako hizkuntza bizi zaharrena da euskara eta, era berean, Urola Kosta osatzen duten bost udalerriak euskaren arnasgune dira. Bi helduleku horietatik abiatuta garatuko dute turismo eskaintza, "lehen aldiz uztartuz turismoa eta euskara".