Barrunbada jendetsuak emango dio hasiera gaur greba egitarauari

Izaro Altzibar 2020ko urt. 29a, 09:53

Gaur 20:00etan egingo dute protesta, Lege Zaharren enparantzatik abiatuta. Biharko, egun osoko egitaraua dute prest. Herriko hainbat ikastetxe eta lantegik egin dute bat grebarekin.

Bihar, urtarrilak 30, greba orokorra izango da `lan, pentsio eta bizitza duinen alde´, eta zarauztarrek egun osoko ekintzak antolatu dituzte. Hala ere, gaur emango zaio hasiera greba orokorraren hariko ekimenei, eta burrunbada jendetsua antolatu dute gaur 20:00etan, Lege Zaharren enparantzan.

Prest dago egitaraua dagoeneko, hemen bihar izango diren ekimenak greba orokorra dela eta:

  • 05:30. Pikete informatiboak antolatu dituzte Abendañon.
  • 8:30. BiziPiketea, Azken portutik abiatuta. Herri osoari buelta emango diote, zarauztarrak greban parte hartzera gonbidatuz. Ibilgailu jasangarriekin joateko deia egin dute (bizikletak, patineteak, korrika...).
  • 10:30. Pentsiodunen manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik.
  • 16:30. Lege Zaharren enparantzan askotariko tailerrak.
  • 18:30. Manifestazioa, Lege Zaharren enparantzatik.

Eguerdirako, ordea, Donostiara joango dira guztiak, Eskubide Sozialen Kartak deituta herrialdeko mobilizazioarekin bat egiteko. 12:30ean irtengo da manifestazioa Artzai Onetik, eta askotariko eragile zein mugimenduek deitutako hainbat zutabe zein bloke batuko dira. Urola Kostako manifestariek ere bloke propioa osatuko dute, 11:45ean Antiguotik hasita. Pentsiodunen mugimenduak ere deitu du zutabea, 12:00etan Alderdi Ederretik aterako dena.

Zarautzen larunbatean ekin zioten motorrak berotzeari. Herriko greba batzordeak deituta, Maxi Eroski supermerkatuan grebaren inguruko propaganda banatu zuten eta, gero, agerraldia izan zen Lege Zaharren enparantzan, biharko egitaraua aurkezteko.

Grebarekin bat egin dutenen zerrenda

Sindikatu eta greba komiteek emandako datuen arabera, hauek dira bihar, urtarrilak 30, grebarekin bat egingo duten ikastetxe eta lantegietako batzuk:

  • Arrona Hermanos
  • Bombas Itur
  • Elesa
  • Engranajes Juaristi
  • Plasticos Urteta
  • Electro Talleres Zarautz
  • Orokieta ikastetxea
  • Salbatore Mitxelena ikastola
  • Antoniano Ikastetxea

30 langile baino gehiago dituzten enpresak dira zerrendatutakoak eta dagoeneko greba egingo dutela baieztatu dute. Ikastetxeetan ere, grebak oihartzun handia izango du: esaterako, Orokieta eta Salbatore Mitxelena ikastoletan grebaren alde agertu dira langileen ia %100. Ondorioz, zaintza zerbitzua gutxienekoa izango da.

Antoniano ikastetxean ere bat egin dute grebarekin hainbat irakaslek eta, ondorioz, ikastetxeak jakinarazi du ezingo dela ohiko zerbitzua bermatu.

Garraio publikoetan eta udal zerbitzuetan ere eragina izango du grebak, nahiz eta azken horretan ez dagoen datu zehatzik. Trenei eta autobusei dagokionez, Euskotrenek gutxieneko zerbitzua ezarri du, eta hemen dago informazio zehatza.