Urte hasiera borobila

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 3a, 17:11
Amenabar Zarautz. (Luis Epelde)

Denboraldirik onena egiten ari ez bada ere, azken jardunaldietan burua altxatu du Amenabar eskubaloi taldeak. Azken hiru partidetatik bat berdindu du eta bi irabazi, horietako bat, Bartzelona B taldearen aurka.

Ohorezko zilarrezko mailan mantentzea du helburu 2019-2020 sasoirako Amenabar eskubaloi taldeak, denboraldi hasieratik. Hori lortzeko bidea uste baino aldapatsuago jarri zaie, ordea. Duela hiru norgehiagoka, jokatutako hamahiru partidetatik hamar galdu zituzten, bi berdindu eta bakarra irabazi. Ondorioz, sailkapenaren beheko aldean dago Zarauzko taldea, hamaseitik hamabosgarren. Jokalari berri askorekin ekin zioten denboraldiari udazkenean, eta aurreko sasoiarekin alderatuta, taldearentzako garrantzitsuak izan diren hainbat baja ere izan dituzte.

Dena den, joera horri buelta ematea lortu dute azken asteetan. Hiru partidatik bi irabazi dituzte Zarauzko mutilek, eta bat berdindu. Duela bi jardunaldi Bartzelona B taldearen aurka espero gabeko garaipena erdietsi zuten etxetik kanpo, 33-36ko makagailuarekin. Horrek indar handia eman dio taldeari, eta pixkanaka ari dira jokalari berriak taldean guztiz integratzen. Egokitze hori emaitzetan igartzen da, eta azken bi jardunaldietan ere txukun aritu dira Amenabarrekoak. Iragan asteburuan, gutxieneko aldearekin, 25-24ko markagailuarekin irabazi diote Antequera taldeari.

Kategoria mantentzea helburu izaten jarraitzen dute eta, horretarako, hamabosgarren postu horretatik, gutxienez, hamahirugarrenera jauzi egin beharko dute 30. jardunaldia heldu baino lehenago. Izan ere, sailkapeneko azken hiru taldeak zuzenean jaitsiko dira Lehenengo Maila Nazionalera, eta hamahirugarrenak kategoria mantentzeko lehian jarraituko du.

Hori lortu ahal izateko hurrengo hitzordua etxetik kanpo izango dute, Alcobendasen aurka, datorren larunbatean. Une onean, gogotsu daude zarauztarrak hamazazpigarren jardunaldiari heltzeko eta puntuak pilatzen jarraitzeko.