Hezeguneen Eguna ospatuko dute lehen aldiz

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 3a, 15:50
Irita hezegunea

Arkamurka Natur Elkarteak herritarrak gonbidatu ditu datorren larunbatean Iñurritzako hezegunea garbitu eta haren garrantziaz kontzientzia hartzera.

Atzoko egunez, eta 1977. urtetik, Nazioarteko Hezeguneen Eguna ospatzen da. Hezeguneek ekosisteman duten garrantziaz kontzientzia sortzen da egun honetan, eta hauek babesteko hitzarmenak aldarrikatzen dira. Arkamurka Natur Elkarteak gurera ekarri, eta Zarauzko Hezeguneen I. Eguna antolatu du larunbaterako.

Hiru ekintza nagusik osatuko dute egitaraua: batetik, Iñurritzako alde bietan dauden plastiko zaborrak bilduko dituzte. Bestetik, bertaratutakoek nahi izanez gero, biotopoan zehar bisita gidatua egitea aurreikusten dute. Azkenik, biotopoan ugaltzen ari diren landare inbaditzaileak erakutsiko dira, eta bakarren batzuk moztuko dituzte. Goizeko 09:00etan elkartuko dira, surtidorearen aurrean, eta eskularru eta katiuskak eramatea gomendatu dute zaborra biltzeko.

Aitziber Sarobe Arkamurkako kideak azaldu duenez, aspalditik duten egitasmoa da hau: "Iñurritzan egun bat antolatzeko nahia genuen aspalditik, sentsibilizazio eta garbiketa egun bat. Hezeguneen Egunean bi egitasmoak batu ditugu: Iñurritza garbitu, nazioarteko Hezeguneen Eguneko aldarrikapen eta babes eskaerak ahaztu gabe".

Bere esanetan, horrelako ekimen bat antolatzeko zailtasun asko daude. Izan ere, "baimen asko eskatu behar dira, eta hari asko lotu. Gainera, kontuan izan behar da garaia, hegazti itsastarren migrazioan eragina izan dezake eta". Saroberen arabera,  urteroko ekimena izatea da elkartearen nahia eta ilusioa, eta horretan jarraituko dute nahiak bete arte.

Irita eta Asti "babesik gabe"

Arkamurka Natur Elkarteak 100 orriko txostena igorri zien 2014an udal talde politiko guztiei eta maila goragoko EAEko erakunde guztiei, Erriberetako parkearen garrantzia aldarrikatuz, eta, batez ere, Iritako eremua naturalizatzeko eskaera tinkoa eginez. Gaur egun, Irita eta Astiko hezeguneek babesik gabe jarraitzen dute. "Beti jarraituko dugu aldarri horrekin, hezeguneak egoera larrian daude mundu osoan zehar, eta Euskal Herrian egoera are larriagoa da. Ez dugu etsiko Erriberetako parkea babestu arte", azaldu du Sarobek.