Berriro zabaldu dute sexu aholkularitza zerbitzua

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 5a, 08:00
Aitziber Estonba sexologoa sexu aholkularitza bulegoan. (Izaro Altzibar)

Etenaldi baten ondoren, atzo zabaldu zituen ateak Zarauzko sexu aholkularitza zerbitzuak. Beste urte batez Aitziber Estonba sexologoa izango da bideratzailea, eta astearte arratsaldetan eskainiko du aurrez aurreko zerbitzua.

Atzo aurkeztu zuten Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak eta Aitziber Estonba sexologoak Zarauzko sexu aholkularitza zerbitzuaren irekiera. Ohiko moduan, zarauztarrek sexualitatearen inguruan dituzten kezka, zalantza eta kontsultak argitzeko doako zerbitzua izango da, eta aurrez aurreko saioak egiteko aukera dago asteartero, 17:00etatik 21:00etara, Zuberoa kaleko 22 zenbakiko atzealdean.

Atzotik bertara joateko aukera dago, bakarka nahiz bikotean. Parez pareko saioak ordubete ingurukoak izaten dira, eta aurrez txanda hartzea komeni da. Aholkularitza zerbitzua den heinean, eta ez terapia bat, lau saioko muga dute hurbiltzen diren norbanakoek zein bikoteek. Sare sozialen bidez nahiz posta elektronikoz ere aukera dago kontsultak egiteko aste osoan zehar, eta hala nahi izanez gero, Skype bidez ere bai. Arreta lehentasuna herritarrek izango duten arren, ingurukoek ere zerbitzua erabiltzeko aukera dute.

Aitziber Estonba sexologoak gonbidapena luzatu nahi die zarauztar guztiei sexu aholkularitza zerbitzua erabiltzeko, eta hartu-eman konfidentzial eta hurbila ziurtatzen die erabiltzaileei.

Hemen harremanetarako bide ezberdinak:

Telefonoa: 943 00 51 28 (astero 17:00etatik 21:00etara)
Posta elektronikoa: sexuaholkularitza@gmail.com (egunero) 
Webgunea: https://berdintasunazarautz.wordpress.com/sexu-aholkularitza-gunez/
Facebooka: hemen (egunero). 
Instagrama: hemen (egunero).

Iazko balorazioa

Azken bi urtetan 100 pertsona baino gehiagok erabili dute sexu aholkularitza zerbitzua, eta oso erantzun baikorra jaso dutela baieztatu dute Estonba eta Vazquezek: "Oso lagungarria da, eta etortzen diren guztiek lehenago ez etortzea damu dira, gainera. Dagoeneko %75era igo dira aurrez aurreko saioak". Iazko datuen arabera, erabiltzaileen %56a emakumezkoak izan dira, %26a gizonezkoak, eta %16a bikote heterosexualak. Adin tarte nagusia 19 eta 30 urte bitartekoa izan da, eta kontsulten %78a euskaraz bideratu da.

Bestalde, Estonbaren esanetan, "gazteenentzat oso onuragarria litzateke etortzea, baina gehienek sare sozialak nahiago dituzte nirekin harremanetan jartzeko, baina beti gomendagarriagoa da aurrez aurreko zerbitzua". Iazko datuei dagokionez, gaineratu du kontsulta gai nagusiak harreman erotikoetako zailtasunak izan direla; horien artean, orgasmora iristeko zailtasunak, harremanen maiztasuna,edota desio falta. Gurasoek ere jo zuten iaz Estonbarengana, seme-alabekin gaia nola jorratu galdetzeko.