Agerikoa eta, aldi berean, intimoa

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ots. 7a, 09:00
'Gauekoak' dantza ikuskizuna. (Kukai Dantza)

Gaur oholtzaratuko dute ‘Gauekoak’ dantza eta musika emanaldia Zarauzko Modelo aretoan. Jon Maia dantzariak sorkuntza prozesuan bizi ohi dituen sentimenduak lantzen ditu. 

Arte diziplina ezberdinak lantzen dituzten hiru sortzaile igoko dira Modelo aretoko oholtza gainera gaur gauean. Hauxe izango da, hain zuzen, ikuskizunaren ardatza: gaua. Jon Maia dantzari eta koreografoa izan da Gauekoak proiektuaren motorra, eta lana osatzeko bidelagun izan ditu Xabier Bandini eta Arkaitz Miner musikariak eta Mireia Gabilondo zuzendaria. Azken hori arduratu da ikuskizunaren elementu desberdinak kohesioz josteaz. 22:00etan hasiko da Modeloko emanaldia, baina urtarrilaren 20tik agortuta daude sarrera guztiak. 

Emanaldia izaten ari den arrakastarekin gustura dago Maia dantzari errenteriarra. "Poza ematen du etxetik atera eta goraino betetako antzoki bat topatuko duzula jakiteak". Kukai dantza taldearen aurreko ikuskizunekin alderatuta, oraingoak "formazio ezberdina" duela azaldu du, eta "intimitatetik" eta "zintzotasunetik" sortutako lan bat dela.

Gauez esnatzen diren sentsazioak ditu protagonista lanak. "Sormen prozesu baten barruan zaudenean gauak ekartzen dituen bakardade, antsietate eta emozioak lantzen dira", aditzera eman du dantzariak.  Ez da ikuskizun lineal bat, ez baitu hasierarik eta bukaerarik; Maiaren arabera, "sentsazioen pilaketa bat" da oholtzaratuko dutena. 

Asmoak asmo, ikusle bakoitzak lanaren "bere interpretazio propioa" egin ohi du. Errenteriarraren koreografiez gain, Cesc Gelabert, Sharon Fridman eta Israel Galvan koreografoek beragan inspiratuta sortutako dantza bana eskainiko du emanaldian.

Bere-berea sentitzen du Maiak Gauekoak, bere intimitatearen zati bati buruzkoa delako. Orain arteko zintzotasun berarekin, gogotsu dago beste behin oholtza gainean biluzteko.