Zabor asko bildu dute Zarauzko Hezeguneen I. Egunean

Onintza Lete Arrieta 2020ko ots. 8a, 11:35

Iñurritzako eremuan dozena pare bat boluntario aritu dira goizean plastikoa eta bestelako zaborra biltzen. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak ere hartu du parte Arkamurkak antolatutako egitasmoan. 

Otsailaren 2a Nazioarteko Hezeguneen Eguna izan zen, eta egun horren gertutasuna aprobetxatuta, Zarauzko Hezeguneen I. Eguna antolatu du Arkamurka natur taldeak gaurko. 09:00etan elkartu da pare bat dozena boluntario Iñurritza eremua garbitzeko. Zubiondo erretegiaren atzealdetik hasi, eta golf zelai barreneraino, errekaren bi aldeetan aritu dira plastikoa eta gainerako zaborra jasotzen. Boluntarioen artean aritu da Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia.

Babestutako eremuan aritu dira, eta horregatik, Arkamurkako kide Aitor Leizak azaldu du hau dela urteko garai onena bertan ibiltzeko, orain eragiten zaiolako kalte gutxien eremuari. Izan ere, hegaztiak ez dira hasi oraindik txitatzen, eta ez dira izutzen.

Eremua garbitzeaz gain, landare inbaditzaile batzuk kentzeko ere aprobetxatuko dute gaurko eguna.

Eguraldia lagun dutela aritu dira, eta irudi bitxiak utzi ditu ekintzak. Argazki berean, boluntarioak ikus zitezkeen zakuak zaborrez betetzen; eta haien gainaldean, berriz, golf zelaiko erabiltzaileak, alde batetik bestera jokoan.

Oraindik ez dute esan zenbat zabor zaku jaso duten, baina begi-bistakoa da kopurua handia izango dela.