Mila zuhaitz eta zuhaixka inguru landatu dituzte Zingira basoan

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 16a, 14:00
Zingira basoko artelatzak. (Zarauzko Udala)

Artelatz basoa berreskuratzeko lehen landaketak izan dira, eta udalaren arabera, ekintza garrantzitsua da "biodibertsitatea kontserbatzeko" eta "natura ondarea zaintzeko".

Zingira basoa berreskuratzeko lanen lehen fasea bukatu du udalak. Adierazi du oraindik "lan asko" dagoela egiteko eremuan, baina hasierako emaitzak ikus daitezkeela. Garai bateko pinudia kendu dute eta artelatz basoa berreskuratzeko lehenengo landaketak egin dituzte, guztira mila zuhaitz eta zuhaixka inguru.

Horrela, Europako gune babestuen Natura 2000 sarean sartuta dagoen baso hau berreskuratuko dute. "Ekintza oso garrantzitsua da biodibertsitatea kontserbatzeko, paisaia hobetzeko eta natura ondarea zaintzeko", nabarmendu du udalak.

Aurrerantzean ere hasitako lanekin jarraituko du udalak, eta herritarren zerbitzura jarriko du basoa, "guztion artean zaindu, babestu eta gozatzeko". Proiektuak Eusko Jaurlaritzako laguntza du eta FEDER Europako fondoen ekarpena.