18.000 euroko laguntza eman dio udalak Proyde Proegaren aurtengo proiektuari

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ots. 18a, 11:51
Ezkerretik eskuinera: Maite Pardina, Gaston Picone, Patxi Elola, Julen Aranguren, Idoia Azpilikueta eta Jose Manuel Agirrezabalaga. (Amaia Urbieta Arruti)

Argentina eta Paraguayko hirietako kanpoaldean bizi diren haur eta gazteen hezkuntza hobetzeko proiektua aurkeztu du aurten Proyde Proegak, La Salle ikastetxeen sareko elkarteak.

Atzo goizean izan zuten lan bilera Zarauzko Udaleko ordezkariek eta Proyde Proegako kideek, udalak diruz lagundutako proiektuaren nondik norakoen berri izateko. La Salle ikastetxe sarearen barruko elkartea da Proyde Proega, eta urtero izan ohi dituzte esku artean hezkuntza arloarekin lotutako proiektuak. Aurten, hain zuzen, Argentina eta Paraguayko hainbat auzotan egingo dute lan. Proiektuaren kostu osoa 45.000 eurokoa bada ere, udalak 18.000 euroz lagundu du egitasmoa.

Lan bileran izan ziren Jose Manuel Agirrezabalaga, Idoia Azpilikueta eta Maite Pardina Proyde Proegako ordezkariak, Julen Aranguren Immigrazio teknikaria, Patxi Elola Kooperazio zinegotzia eta Gaston Picone La Salle Fundazioko Argentinako zuzendaria. Azken horrek gertutik ezagutzen du Proyde Proegaren proiektua. Prentsari adierazi zionez, garrantzitsua da beraientzat diruz laguntzen dituztenekin harremana mantentzea, eta gustura etortzen da Euskal Herrira, inguruko hainbat udalek ere laguntzen dutelako diruz proiektua: Donostia, Hondarribia eta Eibar, besteak beste. Haren hitzetan, Argentina eta Paraguayko hirietako auzo baztertuetan bizi diren hainbat gazte ez dira sekula bertatik ateratzen, eta hezkuntza sistema modu integral batean eraldatzeko ari dira lanean: hezitzaileei formakuntza eskaintzen eta eskola materiala berritzen, besteak beste.