Esku lehorgailu elektrikoak eta gaikako zabor ontziak jarri dituzte Aritzbatalden

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 19a, 12:01

"Jasangarritasunaren bidean", Zarauzko Udalak zenbait aldaketa egin ditu Aritzbatalde kiroldegian. Aurrerago, igerileku txikia energia berriztagarriekin berotuko dute.

Zarauzko Udalak adierazi duenez, zenbait aldaketa egiten ari da udal nahiz herri mailan, "jasangarritasunaren bidean". Hori dela eta, Aritzbatalde kiroldegiko paperezko esku lehorgailuak elektrikoengatik ordeztu ditu udalak, hondakinak murrizteko. Bestalde, zaborrontzi orokorrak kendu, eta plastikoa, papera eta errefusa bereizten dituzten ontziak jarri dituzte. “Orain aldageletan zakarrontzirik egongo ez denez, bertan sortzen diren hondakinak gaikako ontzietara botatzea eskertuko da”, eskatu du Leire Arana Kirol Zinegotziak. "Guztira, 95 litroko hamabost zakarrontzi jarri dituzte Aritzbatalde kiroldegian, eta kirol pistako harmailetan eta sarreran, 285 litroko lau zakarrontzi. Esku lehorgailu elektrikoei dagokionez, metalezko hemeretzi jarri dituzte aldageletan eta turbinazko lau, erabiltzaile gehien aurreikusten diren guneetan: harrerako komunak eta pistako komunetan", gehitu du udalak.

Horrez gain, igerileku txikia energia berriztagarriz berotzen hasiko dira aurten, igerileku handia berotzeko gaur egun erabiltzen den eguzki instalazio termikoarekin. “Aldaketa txiki hauekin, ingurumena zaintzeko eta jasangarriagoak izateko pauso bat gehiago eman du Zarauzko Udalak Aritzbatalde kiroldegian” burutu du kirol zinegotziak.