Anjel Lertxundi, idazlea

"Buru pentsalariak falta dira hor goian, euskaratik pentsatuko dutenak"

Gorka Erostarbe Leunda–Argia 2020ko ots. 21a, 10:28
(Aritz Mutiozabal)

Egunero egiten du Zarauztik Getarirako joan-etorria. Goizean goiz eta oinez, pauso azkarrean. Ibilian-ibilian, 25 urtetik gorako ohitura du hori. Ibilian-ibilian, ez horren pauso azkarrean, baina bai konstantean, mende erdiko ibilia egin du literaturan, Hunik arrats artean (1970) lehen lana plazaratu zuenetik. Itzulpengintzari buruzko saiakera metaliterarioa du azken alea, Itzuliz usu begiak (Alberdania), iazko udazkenean argitaratua. Begiak atzerantz apenas itzuli gabe egin dugu bere eguneroko ibilbidea, eta solastatu gara itzulpenaz, baina baita ibilian atera diren gainerako gai eta ertz askotarikoez ere: literaturaz, ibilbide pertsonalaz, euskaraz, denbora garaikidearen denbora faltaz eta beste. Itzulingururik gabe.

Zarauzko (Gipuzkoa) kaleak hutsik dira. Herriak itxura fantasmagorikoa du orduotan. Goizeko sei eta erdiak dira eta hotz egiten du. Urtarrileko goiz grisa da. Itsasoa bizi dago, baina ez haserre. Hura entzuten da soilik. Pauso azkarrean eta burua txano beltzez estalita iritsi da Narros jauregiaren parera Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948); Azkenaz beste (1996) nobelako azken partea jauregi horretan kokatzen da, hain zuzen ere. “Pertsonaia nagusia itsasoan sartzen da, jauregitik aterata. Belaontzi bat ikusten da eta ez dakigu hara doan edo bere buruaz beste egiten duen”. Malekoitik hasi dugu bidea. Ez dugu itsasoan sartzeko asmorik, idazleak egunero egiten duen joan-etorria egitea dugu miran: joan, egon eta itzultzea. Ilun da oraindik. Lertxundiren hitzek argituko dute bidea, ordea. Hiru zati izan ditu elkarrizketa-txangoak. Zarauztik Getariarakoan eta Getariatik Zarautzerakoan, ibilian gindoazen bitartean, modu libreagoan solastatu gara, ibiltzearen eta sorkuntzaren arteko harremanaz, kazetaritzaz, poesiaz, humanismoaren galeraz, susmopeko gizarteaz, eta beste. Elkarrizketa osoa sarean irakurri ahal izango da, hirutan banatua.     

Hemengo honetan, behin Getariara iritsita, oraindik kanpoan ilun dela, bertako kafetegi batean egindako elkarrizketa irakurri ahal izango da, enkontruaren ardatza bilduko duena: Itzuliz usu begiak liburuaz, eta handik eratorritako hainbat kontuz aritu gara.

Anjel Lertxundik eztabaida asko izan al du Berbelitzekin?

Nire alter-egoa ere izan liteke Berbelitz. Aspalditxo sortu nuen pertsonaia da, Senez aldizkarirako eta… eta sinpatikoa egiten zait. Hizkuntza hartzen du ez soilik tresna gisa, baizik eta dibertimendu modura ere, hizkuntza bizi duelako modu jostari batean. Eta hori garrantzitsua iruditzen zait, ez soilik itzulpengintzaren munduan, baita hizkuntzaren irakaskuntza munduan ere. Egia da hizkuntza estruktura bat dela, baina gora-behera formalez harago, jabetu behar dugu gauza malgua dela, ez hormigoizko egitura bat. 

Noiz jabetu zinen itzulpengintzaren garrantziaz?

Nik uste dut itzulpen batek lehen aldiz inpaktatu ninduela Irene Aldasorok itzulitako James Joyceren Artistaren gaztetako portreta-rekin. Asko maite nuen liburu hori, eta sekula ez nuen imajinatuko euskaraz irakurri ahal izango nuenik. Irakurri nuen eta gaztelaniazkoa baino askoz familiarragoa egin zitzaidan. Liburu horretan dagoen hizkuntzaren jolasa euskarara ekarria dagoelako, eta natural-natural funtzionatzen duelako. Pertsonaietako batek galdetzen du: “Zer ba?” Eta besteak erantzun, “zerba patatekin”, edo halako zerbait. Euskararen espresibitatea erabiltzen du erabat, ingelesetik itzultzeko. Ingelesezkoa aldatu eta traizionatu egiten du, onerako traizionatu ere. Itzulpenean ikusten duzunean originaltasuna, liluratzen zaitu: originaletik ekarri eta originala egin. Horra itzulpena.

Zerikusia izan dezake horrek zure hainbat idatzitan aipatu izan duzun beste jolas batekin ere, partikularraren eta unibertsalaren arteko harremanarekin.

Guk jartzen dizkiogu harreman horri langak. Ez dago ezer unibertsalik sostengu partikularrik ez duenik. Ugarienak ez du esan nahi unibertsala denik. Unibertsala bere horretan nahiko termino etereoa da. Unibertsala izateak ez du esan nahi bakarrik denen kontuak direnik, baizik eta denen kontuak transmititzeko gai izatea ere bai. Nik dakidala ingelesak oraindik ez dira horretara iritsi. Ugaria eta unibertsala bereizi egin behar dira kontzeptu bezala. Globalizazioak ez dauka zerikusirik unibertsaltasunarekin, bi gauza oso diferente dira. Nik uste askotan nahastu egiten ditugula.

"'Euskarak ere behar ditu halakoak' bezalako arrazoiak duinak dira euskal komunitateari begira, baina artistikoki niretzat ez da nahikoa"

Eite ekonomizista hartu du globalizazioak.

Bai, eta diskurtso guztiak horren arabera antolatzen dira, partikulartasunaren kontra, alegia. Globalizazioak dakar partikulartasuna hondatzea, ez integratzea.

Zure ibilbidean itzulpenek beti eman dizute giltzarririk?

Nire ibilbideari erreparatuz gero, Ifrentzuak saileko liburuen atzean dauden idazleak desberdinak dira azkeneko liburuen atzean daudenekin alderatuz. Esaterako, oso desberdinak dira erreferenteak Azkena beste-n edo Horma-n (2017). Argizariaren egunak (1998) liburuarekin gertatutakoa adierazgarria da. Liburuaren erdia baino gehiago idatzirik nuenean izan nuen krisi handi bat. Kezka honakoa zen: “Zer arraio idazten ari haiz, hori lehen ere badakik egiten-eta!”. Eta, justu une horretan irauli egiten da nobela, pertsonaia erotu-edo egiten baita… Nobela berri bat sortzen da, hasierako asmoarekin inolako antzik ez duena. Bestelako kasuak ere badaude: idatzitakoa ez gustatu hasieran, eta ingurukoek eta esaten dizutenagatik aurrera egitea. Adibidez, Zoaz infernura, laztana (2008) liburuarekin gertatu zitzaidana. Hori berez gidoi bat zen… eta konbentzitu egin ninduten argitaratzeko, nahiz eta erabilitako arrazoiekin zalantzak izan: “Euskarak ere behar ditu halakoak” eta gisakoak. Arrazoi duinak dira euskal komunitateari begira, baina artistikoki niretzat ez da nahikoa. Eta antzeratsu Zorion perfektua-rekin (2002). Liburu hori berez idatzi nuen haur eta gazte literaturarako. Gero egia da funtzionatu egin duela, eta helduentzako sailean argitaratu ez balitz ez lukeela izango izan zuen oihartzuna, baina nire gogoan beti gelditzen da batez ere ibilbide artistikoa. Ez dut uste inoiz hasi dudanik liburu bat garaiko hainbat egileren erreferentziarik gabe. Noizbait egin ahalko nuke saiakeratxo bat nire nobelen atzean dauden autoreekin. Karlos Linazasorok oraintsu plazaratu duen liburuan autoreen zerrenda bat ematen du, hasieran. Antzeko zerbait egin dezaket, nire literatur bidelagunak kontuan hartuta.

Egingo duzu?

Ez dut uste [barreak].

Itzulpengintzak zein du etsai nagusi? Garbizaletasuna? Burokratizazioa? Erreferentzia falta? Besterik?

Ez nuke asmatuko hitz bakar bat esaten; hain da mundu zabala itzulpenarena. Itzulpena da euskal buletin ofiziala, itzulpena da publizitatea telebistan eta hedabideetan… Itzulpen literarioari nola deitu behar diogu? Asma dezagun izen bat horretarako. Gaztelaniaz itzulpengintzaren itzala ez da inondik inora gurearen berdina, ze gaztelaniaz administrazio ia guztia jatorrizkoa da. Horren eragina da hainbestekoa…

Bernardo Atxagak esana da itzulpengintzaren etxe bat sortu beharko litzatekeela, eta etxe horretan jarri beharko liratekeela langileak testuak itzultzen.

Itzulpengintzak arreta askoz ere handiagoa merezi du. Hori egin ahal izateko, agintean daudenak haren garrantziaz jabetu beharko lukete. Baina, badago inor Euskal Telebistako programazioan pentsatzen duenik euskararen eta euskara artistikoaren ikuspegitik? Euskal telebista euskaraz pentsatuko duenik bada? Ez bakarrik euskaraz egin behar dela, baizik eta euskaratik, euskararen premietatik, euskararen baliabideetatik. Euskarak nola eta zertan eman dezakeen ugariago. Buru pentsalariak falta dira hor goian, administrazioan, zein premiak dauden pentsatuko dutenak, euskaratik.

Irakurri elkarrizketa osorik Argiaren atari digitalean.