Lan bikaina egin dute Zarauzko traineruek Oriaren Jaitsieran

Zarauzko hitza 2020ko ots. 23a, 10:20

Badok 13 beteranoen taldea hirugarren postuan sailkatu zen Oriaren Jaitsieran, eta senior mailako gizonezkoen kategorian, seigarrena izan zen Enbata ontzia.

Oriaren Jaitsiera jokatu zen atzo arratsaldean, eta 91 ontzik eta 1300 arraunlari inguruk parte hartu zuten neguko traineru estropadarik garrantzitsuenean, tartean Zarauzko arraun elkarteko bost ontzik.  

Eguraldia lagun, jende asko bildu zen errio bazterrean estropada bertatik bertara ikusteko. Estropada luzea izan da. Lehenengo llagutak, eta jubenil eta beterano mailako traineruak atera ziren. Jubeniletan 8. postua lortu zuen zarauztarren traineruak, 15:12,10 denbora eginda.

Zarautz Arraun Elkarteko Badok 13 beteranoek taldeak bi ontzi aurkeztu zituen, eta A ontzia (14:14,95) hirugarren postuan sailkatu zen, Perilloren (13:56,51) eta Chapelaren (14:08,50) atzetik. Badok 13 taldearen B ontzia berriz, 15.a izan zen, 15:59,51 denbora eginda.

Ondoren emakumezkoen txanda izan zen, eta azkenik gizonezkoen senior mailako kategoriako ontziek abiatu zuten erlojuaren aurkako estropada. Gizonezkoen lehian ZAEko bi ontzik parte hartu zuten, eta Enbata ontzia 6. postuan sailkatu zen, estropada irabazi zuen Hondarribiarengandik 39 segundora. Zarauztrrek datorren traineru denboraldian Eusko Label Ligan jokatuko dute, eta neguko lanak serio eta txukun betetzen ari direla erakutsi zuen uretan.