Irudietan: Abian da boloetako Lehendakari Txapelketako bigarren jardunaldia

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 1a, 12:31

Goizeko saioan 41 bolarik eman dute izena, eta arratsaldean erabakiko da jardunaldiko irabazlea.

Otsailaren 16an ekin zioten Lehendakari Txapelketari Gipuzkoako bolo jokalariek, eta gaur ari dira jokatzen bigarren jardunaldia, Zarautzen. Bol&Tok elkartea arduratu da jardunaldi hori antolatzeaz. Egun, 24 lagun inguru aritzen dira Bol&Tok elkartean, eta horietako askok hartu dute parte gaurko jardunaldian.

Txapelketa ofiziala denez, probako tiraldi bat eta puntuaziorako diren zortzi tiraldi egiten ditu bolari bakoitzak. Puntuaziorik onena eskuratzen duenak, bolo gehien botatzen dituenak, irabaziko du jardunaldia.

Datorren asteburuan Legazpin izango du jarraipena Lehendakari Txapelketak. Martxoaren 8an, hango bolatokian jokatuko dute hirugarren jardunaldia.