Kronika: Azken laurdenean behera eginda, alde handiz galdu du Ulaciak 22. jardunaldia

Zast Saskibaloia 2020ko mar. 2a, 09:32

Aurreko bi jardunaldietako partidak irabazi ondoren, Zast-Ulaciak ezin izan du hirugarren norgehiagoka jarraian irabazi 22. jardunaldian, 71-51 galdu baitu aurreko larunbatean Santurtzi SK taldearen aurka.

Partida hasi aurretik, multzoko sailkapenean partida bat gutxiago irabazita zegoen
Santurtziko taldea. Zarauztarrek, beraz, aukera polita zuten aurkari zuzen bat atzean uzteko,
baina ez da posible izan, eta Santurtziko taldea aurretik du orain sailkapenean, irabazitako
partidetan berdinduta, baina averagea bere alde duela.

Zarauzko taldeak kanpoko jokalari batzuk zituen bajan partida hasi aurretik, eta nabaritu da
hori partidaren bilakaeran, nabarmen egin baitu behera fisikoki taldean azken laurdenean.
Zituen bajen jakitun, Zarauzko taldeak alta eman behar izan dio Antonio Guerrero jokalariari
santurtziarren aurka jokatzeko; hala ere, ez da nahikoa izan garaipena Zarautzera ekartzeko.


Hiru laurden borroka bizian

Zarauzko taldeak gogotsu ekin dio partiduari, aurreko bi jardunaldietan lortutako garaipenek
ematen duten konfiantzak indartuta. Defentsa lan bikainean oinarrituta, hiruna puntuko
desabantaila baino ez du pilatu lehen bi laurdenetan, eta atseden luzearen bueltan, puntu
bakarraz galdu du hirugarren laurdenean. Azken laurdenaren atarian, beraz, zazpi puntuko
desabantaila baino ez zuen. Gainditzeko moduko desabantaila da hori saskibaloi partidu
batean.

Larunbateko partidan, gainera, oso ondo eutsi die Zarautzen jokatu zen joaneko partidan
nabarmendu ziren Imanol Artiñano eta Sergio Iglesias barruko jokalariei, eta oso albiste ona
zen hori Zarauzko taldearentzat.


Azken laurdenean, nabarmen behera

Zast-Ulaciak ezin izan du aurreko hiru laurdenetan erakutsitako lehiakortasunari eutsi azken
laurdenean, eta beste hamahiru puntu gaineratu dizkio hirugarren laurdenera arte pilatuta
zeraman desabantailari.

Esan dugu lehen Ulaciak ondo asmatu duela talde santurtziarraren barneko jokalariak
gelditzen, baina Santurtziko taldeak, kanpoan zuen hutsuneaz jakitun, Javier Mazo jokalaria
fitxatu zuen pasa den hilaren hasieran kanpoko joko hori indartzeko. Eta Santurtziko taldearen
fitxaketa distiratsu hori izan da, hain justu, Zarauzko taldeari min handiena egin diona, hogeita
hiru puntu sartu baititu partida osoan.

Porrot honen ondoren, beraz, Zarauzko taldeak gogor jarraitu behar du lanean ligari geratzen
zaizkion zortzi partidetan, eta oso inportanteak izango ditu aurkari zuzenen aurka geratzen
zaizkionak, orain arteko average gehienak galduta baititu.