Kide bila dabil Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 5a, 10:19

Azken urteetako bilakaeraren ondorioz beren ekintza nagusi eta bakarrenetakoa iraileko herri bazkaria antolatzea izan da, eta ezin izan diete beste hainbat arazori heldu.

Zarautz euskararen arnasgunea den arren, hizkuntza eskubideak sarritan ukatzen direla gogorarazi du Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz elkarteak sare sozialetan zabaldu duen mezu batean. Zapalkuntza horiei aurre egiteko taldea behar dela nabarmendu dute, "elkarlana, babesa".

Uneotan lankidetza behar dutela azaldu dute, azpimarratuz, eskatzen dutena ez dela ekitaldi jakin baterako laguntza. "Gurea herrigintza eta naziogintza ere bada eta, azken urteotan, iritsi ezinik gabiltza. Dakigunez, gustuko tokian ez da aldaparik izaten, ez, baina konpainian beti gozatzen da gehiago, ezta?", diote oharrean.

Beraien ekintza bakarrenetakoa iraileko herri bazkaria bihurtu dela diote eta, ondorioz, ezin izan dietela heldu urtean zehar sortutako beste arazoei. Horrenbestez, "herrenka" dabiltza, beren esanetan.

Laguntzeko prest daudenak eta hizkuntza eskubideen zapalkuntzak sumintzen dituenak mezu bat idaztera animatu dituzte zarautz@euskalherrianeuskaraz.org helbidera. "Gustu handiz entzungo ditugu zuen proposamenak. Batu gure kalejiran!".