Aldapa malkartsuak, paisaia ederrak eta txakolina bat eginik, igande honetan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko mar. 6a, 09:00

Mahasti Kroseko irabazleek beren pisua adina txakolin kilo eskuratuko dituzte. Caritasera bideratuko dituzte hamaiketakoan ateratako diruarekin erositako produktuak

Igande honetan, martxoaren 8an, Mahasti Krosa jokatuko dute Talai Berri txakolindegiko mahastietan eta inguruko zelaietan. Gaur aurkeztu dute hitzordua txakolindegian bertan, eta Leire Arana Kirol zinegotziak nabarmendu du oso lasterketa "berezia" izan ohi dela. "Mahasti artetik ibiltzen dira eta Mollarritik ere pasatzen dira lasterkariak; oso leku pribilegiatua da hori Zarautzen". 10:30ean abiatuko dira Talai Berritik korrikalariak, eta zazpi kilometro eta erdi egin beharko dituzte mahastiak dauden aldapa malkartsuetan gora eta behera. Itziar Eizagirre Talai Berriko arduradunak azaldu du "inguruaz gozatzeko moduko" lasterketa dela, korrikalarientzat zein ikusleentzat. 

Lehia amaitutakoan, txakolina eta Eusko Label elikagaiekin egindako pintxoak izango dira salgai txakolindegian, hamaiketakoa egiteko, hori ere, korrikalarientzat eta ikusleentzat. Pintxo bakoitzak euro bat balioko du, baita txakolin tragoak ere. Dastaketan ateratako dirua Eusko Label produktuak erosteko erabiliko dute eta, ondoren, produktu horiek Caritasi emango dizkiote. Iaz, 800 euro inguru bildu zituzten, eta aurten zifra hori gainditzeko asmotan, Eizagirrek herritarrak animatu ditu hamaiketakoa egitera.


Sari tentagarriak

Lasterketa amaitzen duten lehen hiru korrikalariek (emakumeek eta gizonek) izango dituzte sariak. Lehenek txapela, Manu Urbietak eginiko eskultura eta bere pisua adina txakolin kilo eramango dituzte etxera. Bigarrenek Urbietaren koadroa eta sei txakolin botilako kaxa bat eta, hirugarrenek, Urbietaren beste koadro bat eta hiru botilako txakolin kaxa. Podiumera igotzen ez direnak ere ez dira esku hutsik itzuliko: hainbat produktu dituzten otarrak zozkatuko dituzte, eta korrikalari guztiei elastikoa eta txakolin botila bana emango dizkiete.Oraindik eman daiteke izena proban, herrikrosa.eus atarian. Azken urteetan beti bete izan da inskripzioa, baina aurten 60 lagun daude izena emanda, oraingoz. Eizagirrek uste du azken egunetako eguraldi txarrak izango zuela eraginik jendea parte hartzera animatzerako orduan, baina gogorarazi du iganderako eguraldi ona dagoela iragarrita. "Orain arte beti esaten ziguten lokatzik ez zela egoten, ba aurten seguru izango dela", gaineratu du. Izena emateak 12 euro balioko du, eta dortsalak txakolindegian bertan banatuko dituzte larunbatean, lasterketaren bezperan. Jakinarazi dute egunean bertan, proba baino ordu bat lehenago ere izango dela izena emateko aukera.

Caritasen jarduna

Arlo asko lantzen ditu Caritasek, baina, Zarautzen, janari banaketan aritzen dira gehienbat. Asteazkenetan egiten dute jakien banaketa eta, gutxi gorabehera, herriko 70 lagun ingururi laguntzen diete, kopurua astez aste aldatzen badoa ere. 

Izarri okindegiak eta Ameztoik ematen die banatzeko janaria besteak beste, eta, orokorrean, Oiartzungo elikagaien bankutik lortzen dute, baita Astiko baratze solidariotik ere. Caritaseko boluntarioak, horien artean Mahasti Kroseko aurkezpenean izan den Joxean Azkue, aritzen dira jaki horiek antolatzen.