Harakin berriak prestatzen

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2020ko mar. 7a, 16:22

Nahi eta ezin. Harakintza sektoreko enpresek langileak behar dituzte, baina ez dago haietan jarduteko prestakuntza duen langaberik.

Gipuzkoako Hitzak landu du erreportajea. Protagonistetako bat da Xabier Lizaso aiarra, Zarauzko Otzarreta harategikoa.

Hala dio Patxi Aldasoro (Beasain, 1962) Urkaiko Baserria Km0 enpresako kudeatzaileak. “Argiketari edo arotz izan nahi dutenek badute nora jo ofizioa ikastera, baina, gaur egun, hemen inguruan ez dago harakintza sektorean jardungo duten langileak prestatzeko eskola profesionalik”. Eta Aldasororen ustetan, ikasi beharreko lanbide bat da harakinena. “Garai batean, agian, harakin bati laguntzen jardungo ziren haragia nola edo hala ebakitzen zekitenak, baina gaur egun oso bestelakoa da egoera”. Lana askoz modu profesionalagoan egitera behartuta daudela dio Aldasorok. “Osasun baldintza zorrotzak bete behar izaten ditugu, eta ezinbestekoa zaigu langile prestatuak izatea”.

Iritzi berekoa da Xabier Lizaso harakina ere (Aia, 1978). Lizaso gazte hasi zen sektorean lanean, 16 bat urterekin, eta dagoeneko 26 daramatza. “Zarauzko Otzarreta harategian hasi nintzen langile, eta oraindik ere bertan jarraitzen dut, baina orain autonomo gisa: neu naiz harategiaren arduraduna”. Lizasok langile bat du lanaldi osoz, eta beste bat astean pare bat egunez joaten zaio laguntzera. “Behin baino gehiagotan saiatu izan naiz norbait kontratatzen, baina sekula ez dut behar dudanik topatu”. Curriculumak iritsi, iristen zitzaizkiola dio, “baina batzuek ez zuten prestakuntzarik, besteek ez zekiten euskaraz… Azkenean, etsi egin nuen”.

Langile zen garaian bati baino gehiagori ofizioa irakastea ere egokitu zitzaion Lizasori. “Etortzen ziren, nekien guztia irakasten nien, eta gero alde egiten zuten, askotan euren negozioa jartzeko. Eta, azkenerako, horretan ere nazkatu egin nintzen. Neure buruari esan nion inori gehiagori ez niola lanbidea irakatsiko”.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.