Kronika: Zast Ulaciak ezin izan du 23. jardunaldiko partida irabazi

Zast Saskibaloia 2020ko mar. 10a, 08:00
Zast-Ulacia taldeak utzitako argazkia

EBA saskibaloi ligako AA multzoan jokatzen duen Zast-Ulacia talde zarauztarrak ezin izan du multzoaren sailkapeneko bosgarren postuan dagoen Ardoi taldeari irabazi. Partidaren azken emaitza 75-84 izan den arren, etxeko taldea aurrean izan da markagailuan azken minutura arte.

 

Gorabehera handiko partidua

Partiduko lehen laurdena elkarren indarrak neurtzeko izan da bi taldeentzat, eta puntu bakar
batez gailendu da Zizur Nagusitik etorritako Ardoi taldea. Lehen laurden horretan argi geratu
da partidu oso estua izango zela eta defentsak nabarmenduko zirela.
Etxeko taldeak ez du bigarren laurden onik egin eta partidaren erdira lau puntuko
desabantailarekin iristea izan da egin duen onena; izan ere, hamar puntuko aldea ere izan du
Ardoi taldeak laurdenaren erdialdera. Baloi asko galdu ditu Zast-Ulaciak bigarren laurden
horretan, asko kostatzen zitzaion jokoari abiadura ematea, eta huts asko egin ditu
paseetan.
Partidaren atsedenaldira iritsita, beste jarrera batekin berrekin dio partiduari Zast-Ulaciak.
Defentsa estutu du eta horrek konfiantza eman dio erasoan. Gainera, taldeko zenbait jokalarik
hiruko saskiratze batzuk sartu dituzte, ondo erantzunez talde nafarraren guneko defentsari.
Kantxaren bi aldeetan izandako hobekuntza horri esker, sei puntuko abantailaz ekin dio Zast-
Ulaciak partiduko azken laurdenari.

 

Azken minutu beltza

Zizur Nagusitik etorritako taldeak partidaren une erabakigarrian asmatu du aurretik jartzen,
eta min handia egin dio horrek etxeko taldeari. Ardoi taldea oso talde fisikoa ez izan arren,
eskarmentu handikoa da, eta bere presio handiak ito egin du Zast-Ulaciaren erasoko jokoa
azken minutu horretan. Aurretik jarri izanaren bultzadak indarturik, amaierako jaurtiketa
luzeak asmatu eta bederatzi puntuko errentaz irabazi du partidak talde nafarrak.

 

Denboraldiaren azken txanpa

Zazpi partida baino ez dira geratzen denboraldia amaitzeko, eta Zast-Ulaciak lau jokatuko ditu
etxetik kanpo eta hiru etxean. Etxean galdu berri duen partidaren ondoren, etxetik kanpo
partidak irabazten hastea komeni zaio, nekeza izango baitu, bestela, mailari eusteko helburua
betetzea.