'Ongi Etorri Euskararen Herrira' ekimena jarri du martxan udal elkarteak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 10a, 14:14
(UKUE)

Bi dira Aste Santuan abiatuko den kanpainaren helburu nagusiak: turismo-sektorean euskarari dagokion garrantzia ematea, eta hizkuntza eskaintza turistikoaren barruan sartzea.

Ongi Etorri Euskararen Herrira izenburupean, euskara eta euskal nortasuna izango ditu ardatz Urola Kosta eskualdeko turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten. Inguruko bisitariei nahiz kanpoko turistei euskara ezagutarazteko helburuarekin landutako kanpora begirako ekimena bada ere, barrura begirako lanketa izango du bereizgarri proiektuak. Bereziki jorratuko da turismo sektoreko eragileei begirako sentsibilizazio lana.

Hala, sentsibilizazio lana oinarri, turismo sektoreko eragileei bideratutako saio labur eta praktikoak antolatu dira, herriz herri. Datozen asteartean hasi eta martxoa amaiera bitartean, eskualde osoan zehar 11 formazio saio eskainiko dira. Kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, formazio praktikoa eskainiko zaie bertaratuei.

Eskualdeko denda, jatetxe, taberna, ostatu eta gainerako merkatari eta zerbitzuetako profesional guztiei bideratutako saioak izango dira. Saioetan, udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu eta kanpainaren nondik norako nagusiak azaltzeaz gain, euskaraz zerbitzua eskaintzearen garrantziaz ere ohartaraziko zaie bertaratuei. Hainbat euskarri eta material ere banatuko da. Informazio saioez haratago, bertaratuei formazio praktikoa eskainiko zaie eta kanpainarekin bat egiteko gomendioak emango dira.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko teknikariek gidatuko dituzte saioak eta udalerrietako euskara eta turismo zerbitzuetako arduradunak ere bertan izango dira; profesionalen kezka eta zalantzak argitu eta beraien ekarpenak kontuan hartuta, ahal den heinean, ekimena hobetzeko asmoz.

Zarauzko informazio saioak

Guztira lau saio egingo dituzte, Etxezabala aretoan. Lehena gaur izan da, gazteleraz, 10:00etan. Hurrengoak ordu eta leku berean izango dira, martxoaren 18an (asteazkena), martxoaren 24an (asteartea) eta martxoaren 25ean (asteazkena). Datozen biak euskaraz izango dira eta, azkena, elebitan.