M8, Emakume Langilearen Eguna

Baserriko emakumeak ere irten dira kalera

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2020ko mar. 13a, 09:26
Hitzez elkarteko kideek eta Zugarramurdiko emakumeek elkarrekin egin zuten elkarretaratzea. (Hitzez elkartea)

Martxoaren 8an kaleak eta kale ez direnak bete zituzten emakumeek eta haien aldarriek. Hitzez elkarteko kideak Zugarramurdin batu ziren, eta elkarretaratze bat ere egin zuten hango emakumeekin batera.

Iragan igandean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeek eta haien aldarrikapenek Euskal Herriko hiriburuetako eta herrietako kaleak bete zituzten. Manifestazio jendetsuetan bildu ziren haietako gehienak, baina ez denak. Hitzez Urola Kostako baserriko emakumeen elkarteko kideak Zugarramurdin (Nafarroa) izan ziren, Hazi fundazioak antolatutako irteeran, eta hango emakume baserritarrekin elkartzeko eta harremanak egiteko baliatu zuten eguna. Martxoaren 8a zela ahaztu gabe, elkarretaratzea ere egin zuten, eta dozenaka lagun bildu ziren Berdintasunik gabe, bakerik ez zioen pankartaren atzean.

Egun “bete-betea” izan zutela azaldu du Ana Mari Eizagirre Hitzez elkarteko presidenteak. Zugarramurdira iritsi eta hango emakume talde batekin elkartu ziren Gipuzkoatik joandako hogeitik gora lagunak, “Hitzez elkarteko kideak batzuk, baina baita kide ez direnak ere”. Emakumeek kudeatzen dituzten ustiategi txikiak ezagutzeko aukera izan zuten han, protagonisten eskutik. Ondoren, Martxoaren 8a zela eta, elkarretaratzea egin zuten elkarrekin; jarraian, Zugarramurdiko kobazuloa bisitatu zuten, eta, ondoren, bazkaltzera joan ziren.

Eizagirrek berak ez zuen gainontzekoekin batera joaterik izan, “lanagatik”. “Nik ez nuen goizean autobusean joaterik izan, eta 12:30ean abiatu nintzen hemendik, autoan”. Joan, bazkaldu, eta buelta egin behar izan zuen, ez zeukalako gehiago egoterik. “Askotan, ez joatea errazagoa da, 06:00etan jaikiz gero egunak luze egiten baitira, baina inportantea da horrelako egitasmoetan parte hartzea eta jendearekin egotea, urte guztian ikusten ez dugun jendearekin egoteko aukera izaten dugulako”. Hain zuzen ere, horretarakoxe sortu zuten Hitzez baserriko emakumeen elkartea, “emakume baserritarrei ikusarazteko zenbateko garrantzia duen eurentzat denbora hartzeak eta euren burua zaintzeak”. Eizagirreren hitzetan, baserritarren lanbidea “oso bakartia” da. “Elkarrekin egon eta hainbat egoerari buruz aritzeak, ulertuta sentitze hutsak, babes izugarria ematen digu. Horrelako irteerekin arnasa hartzen dugu, eta indarberritu ere egiten gara, eguneroko bizitzarako gogoa eta grina izateko”.

Urola Kostako bost emakume izan ziren behar horretaz jabetu eta elkarte batean biltzeko urratsa egin zutenak, duela hamahiru bat urte. Eta bateragune horrek beretzat duen garrantzia nabarmendu du elkarteko presidente Eizagirrek. Izan ere, elkartean egiten dituzten bilera eta topaguneak ezinbesteko bihurtu zaizkio. “Bat askotan egon daiteke behea jota, baina bilera eta hitzaldien bidez ikusten duzu beste batzuk ere igaro direla hortik, eta batez ere ikusten duzu besteak nola eman zion buelta egoera horri, eta lagungarria eta pozgarria egiten zaizu hori”.

Erreportaje osoa gipuzkoa.hitza.eus atarian irakurri daiteke.