Udalak prebentzio neurri zorrotzak hartu ditu Koronabirusa hedatzea ekiditeko

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 13a, 12:31

Zarauzko Udalak ohar bidez azaldu berri du zein udal zerbitzu eten dituzten koronabirusaren hedapena saiheste aldera. Besteak beste, kiroldegia eta liburutegia itxi dituzte, eta udal zerbitzuetako aurrez aurreko arreta guneetara "beharrezkoen" denean soilik jotzeko eskatu dute.

Zarauzko Udalak ere neurriak hartu ditu koronabirusaren hedapena saihesteko, herritarren segurtasuna bermatzeko eta osasun zerbitzuen kolapsoa saihesteko. Ildo horretan, prentsa ohar bidez jakinarazi berri du sailek antolatutako jarduera eta ekitaldi publikoak eten egingo dituztela. Adinekoei zuzendutako jarduerak ere eten egingo dituzte aldi baterako, Udaberri eta Iñurritzako Batzordeekin hala adostuta.

Udalak kudeatzen dituen ondorengo espazioak, berriz, itxita egongo dira behin behinean:

  • Haurtzaindegia
  • Gaztelekua
  • Sanz Enea kultur etxea
  • Villa Munda
  • Ebro etxea
  • Modelo aretoa
  • Euskaltegia
  • Surf elkartea
  • Astiko kirol gunea
  • Udal kiroldegia
  • Turismo Bulegoa (herritarrei normaltasunez erantzungo zaie telefonoz–943-83 09 90– eta posta elektronikoz turismoa@zarautz.eus –).

Neurriak jarraitzeko gomendioa

Udalak gomendatu die kirol elkarte, auzo elkarte, kultura elkarte eta bestelako eragileei "aplikatzeko Osasun Publikoak emandako jarraibideak, eta parte-hartzaileek kutsatzeko arriskua dakarten jarduerak bertan behera uzteko". Horrez gain herritarrei eskatu diete, "presazko izapideetarako izan ezik", ez joateko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzura, eta ahal den heinean telefonoz edo zerbitzu telematikoz egiteko kontsultak, Zarauzko Udalaren atari digitaletik.

Hori guztia posible izan dadin, telefono bidezko arretarako langileen zerbitzua indartuko da eta ondoko neurri gehigarriak hartuko dituzte:

  • Udal bulegoetara sartzen diren pertsonen kopurua murriztea, haien arteko distantzia gutxienez bi metrokoa izan dadin.
  • Informazio agenteen eta herritarren arteko distantzia handitzea arreta guneetan.
  • Esparruaren garbiketa areagotzea.
  • Gizarte Zerbitzuetako saileak bertan behera uztea etxez etxeko bisitak eta aurrez aurreko hitzordu guztiak. "Atzeratu ezin diren gizarte larrialdiak diren" hitzorduei bakarrik erantzungo zaie aurrez aurre. Lehentasunezko komunikabide gisa telefonoa (943-00 51 11/943-00 51 27) eta posta elektronikoa (ongizatea@zarautz.eus) erabiltzea gomendatzen dute.
  • Zarautz Lur bulegoa jendearentzat itxita egongo da. Herritarrei normaltasunez erantzungo zaie telefonoz (943-00 51 29) edo posta elektronikoz ( zarautz-lur@zarautz.eus ).

 

Hiribusa eta bestelako zerbitzuak

Zarauzko Hiribusaz arduratzen den enpresari agindua helarazi diote zerbitzuko autobus guztietan garbiketa eta prebentzio jarduerak areagotu eta indartzeko. Bide garbiketaz arduratzen den enpresari, berriz, agindu diote herritarrentzat "arriskutsuenak" diren espazio publiko, altzari eta azaleren garbiketa eta desinfekzioa areagotzeko, halanola Merkatu Plaza, haurrentzako parkeak, igogailu publikoak, bankuak, barandak...

Bestalde, jakinarazi dute hamabost egunez atzeratuko dituztela ondoko zerbitzuak:

  • Polizia zerbitzuen edo osasun zerbitzuen laguuntza behar duten jarduera guztiak.
  • Bide publikoan eta espazio publikoetan aurreikusitako jarduera guztiak.

Horregatik, bertan behera geratuko dira igandean egitekoak ziren Emakume Zientzialarien Basoaren landaketa eta terrorismoaren biktimak oroitzeko igandeko elkarretaratzea.

Alkatearen dekretua

Neurri horiez gain, udal erakundearen lan arloko prebentzio eta babes neurriak onartzen dituen dekretua sinatuko du Xabier Txurruka alkateak. Babes neurri horien helburua izango da Covid-19a zabaltzeko eta kutsatzeko arriskuak murriztea eta udal zerbitzu publikoak ematen jarraituko direla bermatzea. Horretarako, higienea indartuko dute lan ingurunean, baita langileen eguneroko jardueran ere.


Neurri horien helburua da, batez ere, higienea indartzea, bai lan-ingurunean, bai
langileen eguneroko jardueran ere; laneko prebentzio ekintza antolatzaileetara;
pertsonei arreta eta laguntza ematera; eta lan arrazoiengatik udal langileen
prestakuntzari eta bidaiei ere.

Dena den, jakinarazi dute udalak "funtsezko zerbitzuen" funtzionamendua bermatzeko neurriak hartuko dituela pixkanaka. Ondokoak dira oinarrizkotzat jotzen dituztenak:

  • Udal zerbitzu soziosanitarioak
  • Udaltzaingoa
  • Babes zibila
  • Ur zerbitzua eta ur hornidura
  • Garbiketa eta hondakinak
  • Argiteria publikoa
  • Garraio publikoa
  • Jendearentzako arreta