%50 murriztuko dute hiribus zerbitzua bihartik aurrera

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 15a, 17:43

Alertak irauten duen bitartean, egunean 46 bidaia egingo ditu, larunbatetako eta jaiegunetako ordutegiarekin.

Euskadiko Garraio Agintaritzak erabaki du garraio publikoa %40 eta %60 artean murriztea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskariaren arabera. COVID-19aren hedapenari aurre egiteko asmoz, Zarauzko Udalak hiribus zerbitzu publikoan aldaketa orokorrak egitea erabaki du, agindu berria eman arte.

Bihartik aurrera, eta alertak irauten duen bitartean, larunbatetako eta jaiegunetako ordutegiak jarriko dituzte indarrean. Ordutegi horietan 52 bidaia egiten dira, eta 1. Lineatik eta Linea Mistotik hiruna bidaia kenduta, 46 bidaia egingo ditu guztira; eskatutakoaren % 50a, alegia

Ordutegiak honako hauek izango dira:

  • 1. Linea: hasiera 08:30ean eta azken bidaia 20:00etan.
  • Linea mistoa: hasiera 08:45ean eta azken bidaia 19:45ean.

Azkenik, egunero autobusetan desinfekzioak egiteko enpresa bat kontratatu du udalak, eta alkoholikodun hidrogelarekin hornituko dira zerbitzuko langile guztiak. Udalak eskatu die herritarrei ahal den neurrian bidaiak mugatzeko; hau da, osasun gaiengatik, senideak laguntzeagatik edo lanagatik funtsezko joan-etorriak bakarrik egiteko.