Langileen segurtasuna bermatzeko babes neurriak areagotu dituzte enpresetan

Urola Kostako Hitza 2020ko mar. 16a, 19:14
Elmubas enpresaren ataria.

Alerta egoeraren barruan, langileak beren lanpostuetara joateko baimena eman du Espainiako Gobernuak. Enpresa gehienetan lanean jarraitzen dute, badira, ordea, aldi baterako lana eten duten lantegiak.

Eskualdeko enpresetan ere eragina izan du alerta egoerak, eta horietan hainbat neurri hartu dituzte koronabirusaren hedapena saihesteko eta langileen segurtasuna babesteko. Lanpostuetara joateko etxetik irteteko baimena eman du Espainiako Gobernuak, eta enpresa gehienek lanean jarraitzen dute. Hala ere, aldi baterako tailerra ixtea erabaki dutenak badira, esaterako, Azpeitiko Sarrallek aste honetan “behintzat” itxita izango ditu lantegiak eta bulegoetako langileek etxetik jardungo dute. Zumaiako GKNk, berriz, lantegia bi asterako ixtea erabaki du.

Lanean jarraitzen duten enpresa askotan, aukera dutenek etxetik lan egitea ahalbidetzeko neurriak hartu dituzte, eta kasu batzuetan, dagoeneko horretarako baliabideak ere jarri dizkiete langileei. Egoera une batetik bestera aldatzen ari dela-eta unean uneko babes neurriak eta erabakiak hartzen ari direla aitortu dute hainbat enpresatan.

Aizarnazabalgo Hobe Hittech enpresan, ahal duten guztiak etxetik ari dira lanean, baina lantegiak martxan jarraitzen du momentuz. “Ezin dugu ziurtatu bihartik aurrera egoera zein izango den, baina momentuz behintzat horrela ari gara”.

Aizarnazabalgo Forjas Iraetan ere beste horrenbeste egiten ari dira. Asministrazioko langileak etxetik lanean ari dira eta lantegira “beharrezkoa” den kasuetan besterik ez daukate joatearik. Ekoizpenak martxan jarraitzen du hala ere. Lehengo asteaz geroztik, neurriak zorroztu egin dituzte eta lantegiko langileen sarrera-irteera ordutegian hainbat aldaketa egin ere bai, aldageletan ahalik eta jende multzo txikienak sortzeko. Lantegian, berriz, makina batetik besterako tarteak handiak dira eta zentzu horretan, ez dute arazorik langileen arteko gutxieneko tartea zaintzeko. Hori bai, eskuak sarri garbitzeko agindu diete langileei.

Azkoitiko Zubiola kooperatiban, langile guztiei babes neurriak hartzeko eskatu diete. Horrez gain, kanpoko bisita guztiak debekatu egin dituzte. “Ahalik eta langile guztiek etxetik lana egiteko sistema moldatzen hasi gara, eta batzuk dagoeneko horrela ari dira lanean”, azaldu du Pello Andrinua Zubiolako koordinatzaileak. Frantziarako bi eskari «garrantzitsu» dituzte, eta horiei aurre egiteko ari dira lanean.

Azkoitiko Ibarmian ere lanean segitzen dute, baina bi txandatan banatuta. Horrez gain, etxetik laneko arropa jantzita joateko eskatu diete langileei, eta haien sartu-irtenak ordu laurdeneko tartearekin egiten ari dira.

Azpeitiko Sarrallen, berriz, bulegoetako langileak bakarrik ari dira lanean, eta haiek, etxetik. Leire Elguren Sarralleko marketin eta komunikazio arduradunak HITZAri adierazi dionaren arabera, tailerrak ixteko erabakia hartu du enpresako zuzendaritzak. “Datorren astean nola antolatuko garen astean zehar erabakiko dugu, egoeraren arabera eta beti gure langileen osasuna bermatzeko helburuarekin”.

Azpeitiko Bielek, hainbat neurri hartu dituela bai, baina neurri horiek enpresako langileei bakarrik jakinaraztea erabaki du.

Azpeitiko Elmubas Ibericaren kasua bestelakoa da. Etxe-animalientzako jana egiten du enpresa horrek, eta produktu horiek “oinarrizko produktutzat” jotzen direnez, ez daukate ekoizpena eteterik. Neurriak hartuta, baina lanean jarraitu beharra daukatela ziurtatu diote enpresa horretako ordezkariek HITZAri.

Zarauzko Engranajes Juaristi enpresan ere hainbat babes neurri hartzeko eskatu diete langileei: lan erremintak garbi mantenduz eta beharginen arteko tarteak errespetatuz.

Sindikatuen argibideak

Alarma egoerak langileei sor dakizkiekeen zalantzak argitzeko helburuarekin, hainbat argibide eman dituzte ELA eta LAB sindikatuek.

Bi sindikatuen arabera, enpresariek betebeharra dute langileak koronabirusaren aurrean babesteko eta lanpostu bakoitzerako prebentzio neurri egokiak hartzeko. Nabarmendu dute ahal den lan guztia etxetik bideratu behar dela, eta aurrez aurreko harremanak soilik ezinbestekoa den kasuetara mugatu behar direla. Langileek lantokira joan behar duten kasuetan, jendearen pilaketak “bai ala bai” saihestu behar direla nabarmendu dute, gainera.

Lanaren izaerarengatik pentsonatik pertsonarako gutxieneko tarteak gordetzea ezinezkoa balitz, “babes neurri indibidualizatuak” exijitu behar dituzte langileek, besteak beste, osasungintzan eta zahar etxeetan. Horrez gain, “bereziki sentiberak diren pertsonak —arnas-aparatuko edo bihotzeko gaixotasunak dauzkatenak, haurdun dauden emakumeak edo hauekin harremanetan dauden pertsonak—” zaintzearen garrantzia azpimarratu du ELA sindikatuak, enpresei “exijituz” langile horiek etxean geratu ahal izatea. Neurri horiek betetzen ez diren kasuan, lana geldiarazteko prozedura hasi beharko litzatekeela adierazi du sindikatu horrek.

Zaintza betebeharrengatik lanera joan ezin duten langileei enpresek erraztasunak eman behar lizkiekeela uste dute bi sindikatuek. Kasu horietan, behar bestera ezinengatik ordaindutako baimena jasotzea ahalbidetzen duen LE 37.3.D artikulua ezartzeko aukera dagoela gogorazi du LABek.

Enpresak ekoizpena eten eta langileak etxera bidaltzea erabakitzen duen kasuetan edo lanaldia moldatzea erabakitzen dutenetan baldintza guztiak argi eta idatziz jasota uzteko aholkatu dute bi sindikatuek. Oporralditik egunik kentzerik ere ez onartzeko esan diete langileei.