Euskotrenek zerbitzu osoa emango du

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 17a, 09:54

Atzo zenbait ordutan sortutako jende pilaketak saihesteko, garraio publikoan egindako zenbait murrizketa kendu eta zerbitzu batzuk %100ean berrezartzea erabaki du Euskadiko Garraio Agintaritzak. 

Garraiobideen eta pertsonen mugikortasunaren inguruan hartutako neurri kontrajarriek zenbait arazo eragin zituzten atzo, konfinamendua indarrean jarri osteko lehen lanegunean. Izan ere, garraio publikoa %40 eta %60 artean murrizteko Euskadiko Garraio Agintaritzak hartutako erabakiak, jende pilaketak eragin zituen zenbait zerbitzutan. Horregatik, zerbitzuan egindako murrizketak bertan behera utziko dituzte zenbait garraiobide publikotan eta zerbitzua %100 izango da berriro ere, besteak beste, Euskotrenen.

Eskualdeko autobus zerbitzuetan egindako murrizketek bere horretan jarraituko dute. Lurraldebusek ez duela gaueko zerbitzurik emango; egunez, ohiko ordutegian aterako dira autobusak. Edozein aldaketa baldin bada, lurraldebus.eus atarian jakinaraziko dute. 

Gainera, autobusa hartu behar duten herritarrek neurri berezi batzuk bete beharko dituzte: atzeko atetik sartu beharko da autobusera, atzeko ateetako makinak bakarrik erabiliko dira sarreran eta irteeran eta ezingo da esku diruarekin ordaindu —soilik Mugi txartelarekin—.