Zarauzko sortzaileen emanaldiak, #EtxetikMundura egitasmoaren bidez

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 18a, 08:59

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek kultur sortzaileen emanaldiak eskainiko dituzte ostegunetik aurrera. Zarauzkohitza.eus-en, adibidez, Sergen, Miriam Mendozaren, Unax Nogalesen, Miren Fernandezen, Txapas eta Marije Zumetaren eta beste hainbat eta hainbaten  saioak ikusi ahal izango dira, baita Yoseba Peñaren eta Telmo Esnalen liburuen eta filmen gomendio sortak ere. Herriko sortzaileek ere bidal ditzakete beren bideoak. Ostegunean izango da lehen emanaldia, 20:00etan.

Urolako Komunikazio Taldeko (UKT) hedabideek –Karkara, Baleike, Uztarria, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen eta Zarauzko Hitza– #EtxetikMundura egitasmoa jarriko dute martxan ostegunean. Hain zuzen ere, Urola Kostako hainbat sortzailek bideo bidezko emanaldiak eskainiko dituzte beren etxeetatik; tartean dira hainbat sortzaile zarauztar ere.

Dagoeneko hainbat dira egitasmora batu diren herritarrak, eta Zarauzkohitza.eus-en, adibidez, Serge bakarlariak, Miriam Mendoza ipuin kontalariak, Unax Nogales abeslariak Miren Fernandez abeslariak, Txapas eta Marije Zumeta musikariek eskainiko dituzte saioak. Gainera, liburuen nahiz filmen gomendioak egingo dituzte Yoseba Peñak eta Telmo Esnalek, hurrenez hurren.

Urola Kostako tokiko hedabideen webguneetan nahiz Urola Kostako Hitzaren atarian ikusi ahal izango dira emanaldiak ostegunetik aurrera. Egun bakoitzean, 20:00etan hasita, beren herriko sortzaileen saio bana emango dute tokiko hedabideek –Zarauzkohitza.eus-ek ere bai–, eta eskualdeko bideo guztiak Urola Kostako Hitzaren nahiz Erlo Telebistaren webguneetan izango dira ikusgai.

Koronabirusaren eraginez hartu du #EtxetikMundura egitasmoa martxan jartzeko erabakia UKTk; izan ere, joan zen asteaz geroztik bertan behera utzita daude kultur emanaldi eta saioak. Sortzaileen jarduna etxeetara irits daitekeelakoan, baina, bideo bidezko formatuak erabiltzea erabaki du UKTk, sorkuntza herritarren etxeetara eramateko asmoz.

Dagoeneko hainbat saio ditu lotuta Urolako Komunikazio Taldeak, baina zerrenda horretan agertzen ez diren sortzaileek ere izango dute egitasmoan parte hartzeko aukera. Horiek bideoak zuzendaritza@ukt.eus e-posta helbidera bidali besterik ez dute; edozein kultur adierazpenekin lotutako emanaldiak onartzen dira. Beraz, animatu eta bidali zuen bideoak!