Koronabirusaren aurrean, oinarrizko gizarte zerbitzuak indartu ditu udalak

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 18a, 14:13

Kolektibo ahulenei beharrezkoa duten laguntza bideratzea du helburu, beste hainbat elkarterekin lankidetzan.

Koronabirusari (COVID-19) modu eraginkorragoan aurre egiteko, Zarauzko Udalak oinarrizko gizarte zerbitzuak indartu eta berrantolatu ditu. Gisa horretan, kolektibo ahulenei lagundu nahi diete bereziki; hau da, beste hainbat elkarterekin lankidetzan, pertsona helduei, bakardadean edo isolamenduan daudenei edota menpekotasuna dutenei, ezinduei eta familia babesik gabe daudenei laguntza eskaintzea.

Egoeraren balorazioa telefonoz egingo dute udaleko gizarte zerbitzuetako langileek, eta zerbitzu publiko, Gurutze Gorria eta DYAren koordinazio eta lankidetzan, beharrezkoa den laguntza bideratuko dute, osasun neurri tekniko guztien bermearekin:

  • Telefono bidezko informazio, orientazio eta akonpainamendua.
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzua.
  • Elikagai eta oinarrizko higiene artikuluen hornikuntza.
  • Jatordu zerbitzuak.
  • Asistentzia farmakologikoa.
  • Beharrezkoa baloratzen den beste jardueratan laguntza.

Zerbitzuarekin harremanetan jarri nahi dutenek 010 edo 943-00 51 00 telefonoetara deitu dezakete –astelehenetik ostiralehera, 08:00etatik 18:00etara–, edo ongizatea@zarautz.eus helbidera idatzi

Era berean, koronabirusaren sintomak dituzten herritarrei 900-20 30 50 telefonora deitu behar dutela gogorazi du udalak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Guztion Artean boluntario sarea sortu du, eta "bertan, osasun neurri tekniko eta koordinazio berme guztiekin, boluntario lanak kudeatuko dituzte". Horretarako, 945-22 22 22 telefonora deitu behar da.