Herritik herriarentzat egindako babes materiala

IƱigo Gaiton 2020ko mar. 24a, 11:00

Lizar Azkune zarauztarra ReesistenciaT taldeko kidea da, eta koronabirusari aurre egiteko bisera bereziak egiten ari da 3D inprimagailua erabilita; Gipuzkoan 120 boluntario ari dira horretan, nor bere etxetik.

Italia izan zen COVID-19aren kolpea jasan zuen Europako lehen herrialdea. Egoera larritzen hasi zenean, gaixoak artatzeko beharrezkoa zen pieza baten faltan geratu ziren ospitaleetan; balbula
moduko pieza gastatu egin zen almazenetan, eta eskari handia egon arren, ez zen produktua lortzeko aukerarik. Egoera zailaren aurrean, Italiako maker komunitatea mugitzen hasi zen, balbulen gabeziari konponbidea jartzeko helburuarekin. Etxean gauzak asmatzen edo sortzen jarduten diren artisau edo ekintzaileak dira maker-ak; hala, erietxeetan falta zen pieza kopiatu eta milaka produzitu zituzten 3D inprimagailuekin.

Italian pasatakoak oihartzun zabala izan zuen nazioartean, eta koronabirusa Espainia kolpatzen hasi zenean, ReesistenciaT taldea sortu zen. Balbulak beharrean, ospitaleetarako arnasgailuen antzeko makina bat sortzeko helburuarekin abiatu zuten proiektua. Ez zuten lehen xedea gauzatzerik izan, baina bulkada horrek bigarren proiektuari bide eman zion, eta COVIDaz babesteko bestelako materiala sortzeari ekin zioten.

Ordenagailua eta 3D inprimagailua. Horiexek behar dira biserak egiteko (Argazkia: Amaia Urbieta)


ReesistenciaT-ko kideek Telegram aplikazioaren bidez egiten dute barne komunikazioa, eta kolektiboak Euskal Herriko eta Gipuzkoako azpitaldeak ditu. Lizar Azkune zarauztarra boluntario sareko partaidea da: «Gipuzkoan lehengo astean hasi ginen antolatzen, eta dagoeneko, 120 boluntario ari gara martxan. Gure kasuan, EPI biserak egiten ditugu; maskara moduko babesgarriak dira», adierazi du Azkunek. Maskara horiek PVC materialeko lamina finarekin egiten dituzte, eta plastikozko euskarri batekin kokatzen dira buruan. Bizpahiru egunean, 1.200 bisera produzitzeko gaitasuna dutela zehaztu du zarauztarrak.

Etxetik produzitzen


Iniziatiban parte hartzen ari diren boluntarioak etxetik ari dira lanean. Biserak egiteko behar diren baliabideei dagokionez, nahikoa dira ordenagailua eta 3D inprimagailua. «Asko erraztu dugu produzitzeko modua, ahalik eta jende gehienak parte hartu dezan. Biserak pieza solido bakarra du, eta aurretik 3D inprimagailuarekin pixka bat ibili den edonork, erraz egin dezake», zehaztu du Azkunek.

Boluntarioen profilari dagokionez, gehiengoa jende gaztea da, baina adinduak ere badira tartean. «Tornuetan urte luzez aritutako erretiratuak ere ari dira lanean, eta harrigarria da pieza bakoitza egiteko duten pazientzia».

Herri ekimena


Azkunek azpimarratu egin du hau herritarrek sustatutako ekimena dela, eta erabat boluntarioa. Dena den, norbanakoez gain enpresak eta erakundeak ere hasi dira haiekin elkarlanean. DYA elkartearen laguntza ezinbestekotzat jo du zarauztarrak: «Biseren produkzioa bideratu genuenean, banaketak sortzen zigun kezkarik handiena, ez genuelako inoren osasuna arriskuan jarri nahi. DYA sekulako lana ari da egiten horretan».

Euskal Herriko maker-ek egiten dituzten biserak ez dute maskarilla homologatu batek adina babes ematen, baina COVIDaren hedapenari aurre egiteko balio dute; azken finean, soinean duen pertsonak muga fisikoa jartzen diolako birusari. «Guk sortzen dugun materialak harrera bikaina izango du zahar etxe edo ospitaletan, eta hori da egiten dugun lanagatik jasoko dugun saria», poztu da Azkune. Egitasmoan lagundu nahi duten herritarrek informazio osatuagoa aurkituko dute www.covideuskadi.net helbidean.