Xabier Txurruka: "Krisiari aurre egiteko behar diren baliabide guztiak eskaini behar ditugu, kaltetuenei laguntza emateko"

Zarauzko Hitza 2020ko mar. 24a, 17:20
Xabier Txurruka alkatea.

Xabier Txurruka alkateak konfinamenduaren lehen astearen balorazioa egin du, eta udaletik eman diren pausoak eta hartutako neurrien berri eman du, baita aurrerantzean egin nahi dituztenak ere; batez ere, gizarte zerbitzuetan eta ekonomia arloan.

Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman dizkio zarauztarren gehiengoari konfinamenduko lehen astean erakutsitako "konpromisoa, erantzukizuna eta elkartasunagatik". Era berean, gaixorik daudenei eta haien senideei elkartasuna adierazi die, une zail hauetan ez daudela bakarrik azpimarratuz. Eskerrak eman dizkie, gainera, laguntza eta baliabideak eskaintzeko udalarekin harremanetan jarri direnei –osasun-arloko profesionalak eta era guztietako boluntarioak, makerrak 3D inprimagailuekin eta jostunak, besteak beste–, baita instalazioak, generoa eta norbere borondatea udalaren zerbitzura jarri dituzten jatetxeei eta tabernei ere.

Gizarte Zerbitzuetako Departamentuko langileek "jarrera proaktiboa" hartu dute herritar ahulenekin eta kolektiboen babesgabetasun egoerak identifikatzen. Haien egoera egiaztatzeko, udalak jakitera eman du telefonoz deitu zaiela adineko pertsona guztiei, bai etxez e detxeko laguntza zerbitzuen, tele-alarmaren eta abarren erabiltzaileei, baita departamenduak iaz bakardadearen inguruan egindako azterketan identifikatutakoei ere. Era berean, harremanetan jarri dira zaurgarritasun egoeran edo bazterkeria egoeran dauden pertsona eta familiekin.

"Beste departamendu eta zerbitzuetako giza baliabideak Gizarte Zerbitzuen arretan laguntzeko bideratu dira. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Guztion artean boluntario sarearekin, eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, boluntario talde bat aktibatu da, berme guztiekin, asegurua barne, behar den neurrian jarduteko”, zehaztu du Txurrukak. Era berean, herrian atzemandako etxerik gabeko pertsonei babesa bilatu zaie, eta laguntza behar duen norbaiten berri izanez gero, 010 telefonora deitzeko eskatu dute.

Herritarren arreta indartu

Alkateak adierazi du udalak irekita jarraitzen duela herritarren zerbitzura. "Orain, inoiz baino gehiago, herritarrek udala beraien zerbitzura dagoela sentitzea nahi dugu”. Alkateak jakinarazi duenez, udal langileen artean telelana ezartzen ari dira, eta, gaur egun, etxetik egiten ari dira herritarren deien arreta. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko beharra duten pertsonei arreta emateko, 010 telefonoak ordutegia zabaldu du; 08:00etatik 18:00etara, egunero, larunbat eta igandeak barne, krisiak irauten duen bitartean.

Txurrukak gogorarazi du epe administratibo guztiak etenda daudela, eta tramiteek eta ordainketek itxaron dezaketela. "Gure laguntza behar duten herritarrak artatzeak ezin du itxaron. Ezinbestekoak eta beharrezkoak diren gaietara gaude”, nabarmendu du.

Tasen ordainketa atzeratu

Arlo ekonomikoari dagokionez, udal zerga eta tasa batzuen ordainketa uda ondoren arte atzeratzeko aukera ebaluatzeko eskatu zaio udaleko Ekonomia Departamenduari. Azterketa hori eta dagozkion erabakiak Aldundiarekin koordinatu behar dira, eta, beraz, publiko egingo dira datozen asteetan. "Ordainketak malgutu eta erraztu nahi ditugu, eta, zentzuzkoa denez, zerbitzuak ematen ez diren bitartean, zerbitzuen tasak eta kuotak ez kobratzea proposatzen dugu", azaldu du alkateak.

Bestalde, udalak Urola Kostako Udal Elkartearekin hitz egin du osasun krisi honetan jarduerarik gabeko establezimenduei hondakinen tasa ez kobratzeko. Gauza bera gertatuko litzateke kiroldegiko ikastaro eta kuotarekin ere.

Zerbitzu batzuk gelditu edo murrizten diren bitartean, beste batzuekin aurkakoa gertatzen dela azaldu du udalak. Garbiketa zerbitzuaren kasuan, aldiz, kale garbiketa eta desinfekzioa areagotu egin da, eta, horretarako, kamioi-zisterna bat gehitu da zerbitzura. Era berean, intentsiboki garbitu dira herri pasaguneak eta hondakinen edukiontziak.

50 espediente

Konfinamendu garaian etxetik ezin da atera, salbuespen gutxi batzuetan izan ezik. Edonola ere, azken astean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 50 espediente ireki ditu Zarautzen, konfinamendu agindua ez betetzeagatik. "Eskerrak eman nahi dizkiet Udaltzaingoari eta Ertzaintzari une gogor hauetan egiten ari diren lan handiagatik", gehitu du Txurrukak.

Udalaren martxari dagokionez, alkateak argi eta garbi ikusten du egungo egoerak zerikusi gutxi duela hilabetekoarekin. "Orain, COVID-19aren krisiari aurre egiteko behar diren baliabide guztiak eskaini behar ditugu, kaltetuenei laguntza emateko. Lana ez egitera behartuta dauden langile eta autonomoengan pentsatzen dut, haien familiengan, diru-sarrerarik gabe baina gastuak dituzten horiengan, ERTE egoerekin eta abarrekin. Erakunde guztiok erantzun behar diegu krisialdi honen ondorioei, berehala, modu adostuan eta koordinatuan, gure esku dagoen neurrian, pertsonen ekonomiari eutsiz", adierazi du.

"Jakitun gara egungo egoerak ziurgabetasun handia sortzen duela, baina, era berean, argi dugu egoera honi irteera ona emateko, guztiok bat eginik izan behar duela. Indarra eta itxaropena guztioi”, burutu du alkateak.